Larunbat arratsaldean jokatuko dute II. Itsas Krosa, Zarautz eta Getaria artean

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko irailaren 23a

Patinetako lasterketa iazko Itsas Krosean (Aiora Larrañaga).

Aurten ere Itsas Krosa lasterketa antolatu dute Zarauzko eta Getariako udalek, Donostiako Bera Bera Patin Eskolak eta ZKE Zarautz Kirol Elkarteak elkarlanean.  Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz Zarautz eta Getaria artean kirol jardunaldi hori, ZKE jendarteratu, Getaria eta Zarautz arteko parajea aprobetxatu eta kirola sustatze aldera. Iazkoari jarraipena emanez, larunbatean egingo dituzte bi lasterketak: bata korrika, eta bestea patinetan.

Patinen probarekin hasiko dute II. Itsas Krosa, 16:45ean. Parte-hartzaileek 15 kilometro egin beharko dituzte. Getariatik hasiko dira, udaletxeko plazatik, eta Zarautzeraino heldu ostean, berriz ere bueltan joango dira Getariara. Bi aldiz egin beharko da itzuli hori.  Patinzaleek gehienez ordubete izango dute ibilbidea osatzeko.

Ordubete beranduago hasiko dute korrikako proba, 17:15ean hain zuzen. Zortzi kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkeriek; Zarauzko Munoatik hasita, Getariara helduko dira eta handik berriz ere itzuliko dira Zarautzera. Ordu eta erdiko denbora izango da horretarako, gehienez.

Lasterketa bakoitzaren ondoren sari banaketak izango dira: 17:00etan patinen probari dagokiona, eta 19:00etan korrikakoari dagokiona.

II. Itsas Krosak irauten duen bitartean, hau da, 16:00etatik 18:30era, itxita egongo da N-634 errepidea Getaria eta Zarautz artean. Patinzaleek eskuineko erreitik joan beharko dute, eta ezingo dute bihurgunerik moztu ezta beste erreira pasatu ere. Era berean, ezingo dute ibilgailuen laguntzarik jaso, ezta haien atzetik joan eta horiek heldu ere. Arau hori betetzen ez dutenak kanporatu egingo dituzte. Halaber, parte-hartzaileek derrigor eraman beharko dituzte kaskoa eta babesgarriak soinean.

Izena, ostiralera arte

Izena Herrikrosaren webgunean eman daiteke, ostirala bitartean. 16 urte beteta izan beharko dira korrikako proban parte hartu ahal izateko, eta 18 patinen lasterketan. Aurrez izena ematen duten patin-lasterkariek 12 euro ordaindu beharko dute, eta korrikalariek 10 euro. Ordainketa proben aurreko egunean egin beharko da, eta parte-hartzaileek ziurtatu egin beharko dute euren izena zerrendan dagoela, baita ordainketa eginda dagoela ere.

Ez bada hala, ordainagiria erakutsi beharko dute lasterketaren egunean. Izena epez kanpo ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Dortsal txipak erabiliko dituzte denborak neurtzeko; ez dute bestelako txipik onartuko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide