Jokin Miralles Orion ireki berri duen erakusketan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Zarautzen jaio eta bertan igaro zuen Jokin Mirallesek haurtzaroa; 14 urte zituenean Durangora joan zen bizitzera familia, eta 23 urterekin maletak hartu eta Ameriketara abiatu zen Miralles gaztea. Brasilen eta Venezuelan enpresa handietan industria arloko proiektuak egin zituen 20 urtetan zehar, eta 1982an Euskal Herrira itzuli zen. Mundu zabala ezagutu du Mirallesek, baina beti oso presente izan du Euskal Herria. Venezuelan, esaterako, Euskal Etxe bat sortu zuen beste hainbat lagunekin.
Hain zuzen ere, Orion ireki berri duen erakusketan Euskal Herriko txoko kuttunak eta pertsonaiak jaso ditu. Orio, Zarautz, Getaria, Mutriku, Bermeo eta Mundaka, besteak beste. Erakusketa urriaren 2ra bitartean izango da zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Aita oriotarrari keinu
Mirallesek idaztea eta margotzea atsegin izan du beti, baina Ameriketako lan erritmo bortitzak bere zaletasunak garatzeko denbora gutxi utzi izan zion urte askotan zehar. «Dena dela, joan naizen tokietan margolan asko ikusteko aukera izan dut, eta horrek aberastu egin nau». Orain, egunero margotzen du Deban bizi den zarauztarrak: «Hondartza aurrean etxetxo bat dugu, eta egunero aterpean margotzen dut».
Hainbat herritan erakutsi izan du bere lana Mirallesek, baina Orion erakusketa irekitzea ez da kasualitatea izan. Zarautzen jaioa bada ere, Mirallesen aita oriotarra zen, eta Orioko Kultur Etxean jarri duen erakusketa hari egindako keinu bat da. «Aita zena oso oriotarra zen, asko maite zuen bere sorterria, eta pena eman izan dit Oriorekin harremanik ez izatea. Horregatik, aspalditik nenbilkien buruan Orion zerbait egitea». Miralles «oso gustura» dago Orioko Kultur Etxean izan duen harrerarekin, eta eskerrak eman dizkio hango arduradun Imanol Urkizuri, izan duen prestutasunagatik.
Ikusgai jarri dituen margolanak itsas girokoak dira nagusiki. «Oleo pinturarekin margotzen dut, baina esperimentatzea ere gustatzen zait. Orioko etxaurre zahar baten margolana, esaterako oleoz eta marmol hautsez egina dago, eta horregatik du erliebea. Margolan batzuk espatulaz egin ditut, eta besteak ixipuarekin», azaldu du. Miralles autodidakta izan da bere margolari bidean, baina bizitzan zehar ezagutu dituen artista garrantzitsuek asko erakutsi diotela aitortu du. «Dakienari galdetuz asko ikasi daiteke».