Aurten bisitarien kopurua %8 igo da, ia 2.000 pertsona gehiagorekin

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko irailaren 22a

Zarauzko hondartza jendez beteta uda sasoian (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Oso pozik agertu da Zarauzko udal gobernua udako balantzerakin. Datuen arabera, aurtengo sasoian 24.400 pertsona izan dira Nafarroa kaleko Turismo Bulegoan zein malekoian atondutako informazio etxolan. Hain zuzen, %8 igo da bisitari kopurua; iaz baino 1.800 lagun gehiago pasatu dira informazio eske. Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak zehaztu du itsas pasealekuko turismo gunera gerturatutako bisitari kopuruak egin duela gora gehinbat.

Turisten jatorriari erreparatuz, ohi bezala, gehienak Espainiako estatukoak (%52) direla jakinarazi du Larrañagak. Atzerritik etorri direnak %22 osatzen dute eta, euskal herritarrek, %26. Bestalde, «bisitari frantsesen kopuruak gora egin du, eta urtean zehar Zarautz gehien bisitatzen dutenak dira», dio Turismo zinegotziak. Alemaniako, Erresuma Batuko, Herbeheretako eta Belgikako bisitari ugari ere izan dira udan herrian. Europa ekialdeko turisten presentzia ere aipatu du, Txekiar Errepublika eta Eslovakiakoena, hain zuzen. Libanoko bisitariak ere bertaratu dira Turismo Bulegora lehenbiziko aldiz.

Halaber, ostatuak %95 egon dira beteta udan. Horrenbestez, iazko kopuruarekin alderatuta, zenbatekoa «oso ona» dela dio Larrañagak. Hilabeteka zehaztuta, ekainean %77,59koa izan zen okupazioa—iazkoarekin alderatuta, %7,27ko igoera—, %91,34koa uztailean eta %96,2koa abuztuan. Hori dela-eta, ostalariak ere «gustura» agertu dira zenbateko horiekin.

Zarautzek leku erakargarria izaten jarraitzen duela adierazi du Turismo zinegotziak: «Argi dago Zarautzek eskaintza turistiko aberatsa duela; naturarekin, kulturarekin eta gastronomiarekin gozatzeko».

Zentzu horretan, herriko eragileek udarako antolatutako ekitaldi sorta goraipatu du, eta haien lana aitortu du. Horien artean, Artezaleak elkarteak aire zabaleko pintura lehiaketa berreskuratzeko egin duen apustua nabarmendu du.

«Aurreko ustea berretsi»

Zarauzko EH Bilduk ere udako balorazio «oso positiboa» egin du. Koalizioko ordezkariek jakinarazi dute «turismo arloko hainbat eragilerekin elkartu ondoren», koalizioak aurrez zuen ustea berretsi duela. «Zarautz bisitariz beteta egon da aurtengo udan, neurri handi batean, aurrez egindako lanketa egoki baten ondorioz», adierazi dute.

EH Bildurentzat Aste Santuko oporraldian ikusi zen dagoeneko turismoaren goranzko joera hori, eta udan «inertzia hori errepikatu» da. «EH Bilduri askotan leporatu zaionari kontrajarriz, argi gelditu da martxan jarritako politikek ez dutela jendea uxatu, kontrakoa baizik», nabarmendu dute.

Hala, Zarauzko EH Bilduk borondatea agertu du herriko turismo alorreko eragile guztiekin elkarlanean jarraitzeko. «Gure iritziz, udako garaiaz gain, turismoa urte osora zabaltzeko politikak lantzen jarraitu behar dugu hainbat arlotako eragileekin koordinatuta».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide