Pentsio duinak aldarrikatuz mobilizazioa egingo dute Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 21a

"Pentsio duinak" alkarrikatuz elkarretaratzera deitu du Duintasuna jubilatuen elkarteak, bihar (asteartea), 10:30ean, Azpeitiko plazan.

2015eko uztailean Euskal Autonomi Erkidegoan pentsio sariaren batez bestekoa 1.099 eurokoa zen. Baina, Duintasunetik azaldu dutenez pertsiodunen gehiengoa ez da kopuru horretara iristen: "Adin handiko pertsona asko eta askoren pentsioak pobrezia egoeran bizitzera eramaten ditu, eta egoera larriena bereziki emakumeek jasaten dute". Egoera larri horren erantzule "Madrilgo gobernu desberdinen politika neoliberal eta solidaritate gabekoak" dira Duintasunekoen ustez.

"Egoera makurrari" aurre egiteko mobilizatu beharra dagoela esan dute, "beharrezkoa da errebeldia, gutxieneko pentsio duina ez digute-eta oparituko".

Pentsioak "hemen" erabaki nahi dituztela esan dute, horretarako gizarte segurantzaren eskumena Eusko Jaurlaritzak beregain hartu beharko lukeela diote, "Espainiako Gobernuari transferentzia irmotasunez exijituz". Hori horrela ematen ez den bitartean, hileroko gutxieneko 1.080 euroko pentsioa Eusko Jaurlaritzak aurrekontuekin osatu dezala eskatu du Duintasunak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide