Eguerdian jendez bete da Zarauzko Lege Zaharren Enparantza Mahats Biltzearen XVI. Jaian. 27 upategi bildu dira festan eta urteko lehen muztioa aurkeztu dute bertan. Gainera, urtero herriko norbanako edo eragileren bat omentzen dute jaian eta aurten Alba Menendez eta Maialen Mujika zarauztarrak omendu dituzte Bera Bera taldean jokatzen duten goi mailako bi kirolari hain zuzen ere. Eskubaloi jokalariek oholtza gainean azaldu dute hasiera batean "ezustean" harrapatu zituela omenaldiaren berriak "24 urterekin omenaldia egitea ez baita ohikoa izaten. Baina oso gustura gaude gaur hemen egoteaz". Bestalde, aitortu dute txakolina gustatzen zaiela, baina ospakizuneten bakarrik edaten dutela.
Urteko lehen muztioa probatutakoan Jose Inazio Manterola Getariako Txakolina jatorri izendapeneko presidenteak azaldu du "bizia eta fruta-gustukoa" izango dela aurtengo txakolina. "Aurtengo uzta oso ona da, astelehenean hasiko gara upategi gehienok mahatsa biltzen eta orain arteko emaitzak gaindituko ditugu kalitatean eta kopuruan". Aurtengoan eguraldia lagun izan duten mahastizainek eta "mahats eder horrekin txakolin ona egiten ez badugu, beste zerbaitetan hasi beharko dugu" esan du txantxetan Manterolak. Orain urrats bat aurrera eman eta herritarrak txakolina edatera animatu ditu Jose Inazio Manterolak. "Bertakoa eta kalitatezko edaria da txakolina eta gehiago sustatu beharko genuke. Horregatik taberna eta jatetxeak animatu nahi ditut kanpotarrak etortzen direnean gure txakolina eskaintzera eta bertako herritarrak berriz txakolina gehiagotan edatera. Gurea defendatu behar dugu".
[flickr_set id="72157658405888788"]