EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa "antinaturala" iruditzen zaio Zarauzko EH Bilduri. "Argi dago akordio hau goitik datorren estrategia orokor batek bultzatu duela eta ez dela herri honek behar duena begiratu", nabarmendu du Mikel Goenagak: "Lehendik ere badakigu honelako akordio batek zein ondorio izan ditzaken. Bai nazio eraikuntan eta baita herrigintzan ere. Atzerapauso bat da". Horregatik, "oztopoa" izan daitekeela dio.
Akordio hori, gainera, oraindik ez dutela azaldu salatu du Zarauzko EH Bilduko bozeramaileak, ez gainontzeko alderdiei ezta herritarrei ere: "Udalbatzarrean eskatu diegu akordio horien nondik norakoak azaltzeko eta oraindik sekretupean dute. Ez dugu ulertzen zergatik eta uste dugu zarauztar guztiok dugula hori ezagutzeko eskubidea".
Zarauzko EH Bildu udal taldeak agintaldi berriko lehen ehun eguneko balorazioa egin du, eta Udal Gobernuko bi alderdien arteko akordioaz gain, gastu politikoa, haren jarrera eta gobernatzeko modua. Goenagak aipatu du gobernua osatu eta EAJk eta PSE-EEk hartutako lehenbiziko erabakia gastu politikoa igotzea izan zela. "Alkateak %20 igo zuen soldata eta gobernuko gastuak %64 igo dituzte". Kontran, aurreko agintaldian Zarauzko EH Bilduk "gobernatzeko beste modu bat" erakutsi zuela dio. "Gastu baxuagoarekin eta soldata duinekin lan politiko egitea posible dela erakutsi dugu".
"Jarrera autoritarioa"
"Ulertzen dugu gobernu berriak denbora behar duela egokitzeko eta kokatzeko, argazki zehatza ateratzeko", jarraitu du Goenagak. Baina hainbat kontuk arduratzen ditu koalizioko ordezkariak. Batetik, "kezkagarria" iruditzen zaie lehenbiziko hilabetetan herritarrei "saldu" nahi izan dieten irudia: "Aurreko agintaldiko proiektu asko eurenak izango balira bezala aurkeztu dituzte".
Udal Gobernuaren gobernatzeko moduak ere kezkatzen ditu. "Jarrera autoritarioak ikusi ditugu eta informazioa eskatu zaienean berandu bidali dute, edo ez dute bidali". "Arauen gainetik" gobernatu dutela kritikatu du Zarauzko EH Bilduko bozeramaileak; herritarrei eskatzen zaizkien baimenak "nahieran" erabili dituztela. "Kasu batzutan obra hasi eta ondoren eskatu dute baimean, eta kasu batzutan kontrakoa izan da, gainera. Gezurretan ere harrapatu dugu Xabier Txurruka".
Hori dela eta, jarrera horiek "lehenbailehen" aldatzeko eskatu dio Udal Gobernuari. "Pozten gara hainbestetan kritikatu izan zaizkigun politikak ildo beretik jarraitu izana. Hainbat kontu horiek hauteskundeen bueltan kritikatu dituztela ulertzen dugu. Baina, ondoren zoriondu egin gaituzte, besteak beste, partaidetza prozesuengatik eta kultura mailan egidakoengatik, eta baita Aldapatako proiektuaren jarraipenagatik, TAO sistemagatik zein Hondartzako eta Gurmendiko aparkalekuen salmenta eta alokairuengatik ere".
Aldizkaria
Horren harira, Zarauzko EH Bilduren asmoa herritarrak informatzea dela azaldu du Naiara Carvajalek, eta baita udalean gertatzen denaren berri ematea ere. Horretarako, aldizkari bat argitaratu du koalizioak. Datorren astean banatuko dute herriko etxe guztietara. Aldizkaria hiru hilean behin publikatzea da asmoa. Lehenbiziko ale horretan zarauztarrentzat interesekoak diren gaiak jaso dituzte eta aurrera begirako proposamenak eta lan ildoak ere bai.
"Gai horien artean giza eskubideak eta bizikidetzari buruzko bat jaso dugu. Zarauzko EH Bildurentzat garrantzia berezia du gai horrek". Hori dela eta, nabarmendu du koalizioak zarauztar guztien giza eskubideen alde lanean jarraituko duela eta baita gainontzeko alderdi politikoekin adostasunetara heltzeko ere.
Irailaren 3an egin zuen udal ordezkariek giza eskubideen eta bizikidetzari buruzko batzordea lehenbiziko aldiz, eta Carvajalek jakinarazi duenez, Zarauzko EH Bilduko kideek euren asmoak eta aurrera begirako proposamenak ezagutarazi zituen eta berretsi zuen giza eskubide guztien alde egiteko elkarlanerako prest dagoela.
"Epe laburrera badira bi data Zarauzko EH Bildurentzat esanguratsuak direnak. Bata irailaren 27a, Jon Paredes Manot Txiki-ren fusilamenduaren 40. urteurrena. Bestea azaroaren 10a, Memoriaren Eguna. Gainontzeko alderdiei eskua luzatzen diegu elkarlanerako".
Herri bilgunea
Herritarrak informatzeko asmoarekin, herri bilgunea antolatu du Zarauzko EH Bilduk asteartearterako, hilaren 22rako. Bertan, udazkeneko estatu mailako hauteskundeez, azaroaren 10az eta koalizioaren lehen pausoez jardungo dute. Horrekin batera, udako balorazio ere egingo dute koalizioko ordezkariek.
19:00etan izango da, kiroldegiko bigarren solairuko aretoan. Ekarpenak egin nahi dituztenek zarautz@ehbildu.eus helbidera bidali ditzakete.