Getariak eta Zumaiak TKE Ligara igotzeko lehia jokatuko dute asteburuan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko irailaren 18a

Getariako Esperantza Trainerua. (Klausser)

Traineru denboraldia amaitzear bada ere, Getariako eta Zumaiako traineruek urteko estropadarik garrantzitsuenak jokatzeke dituzte oraindik. Izan ere, datorren denboraldian TKE Ligan jokatzeko bi txartel izango dituzte jokoan asteburuan Portugalete eta Murgados taldeekin batera. Lehen estropada Bermeon izango da bihar eta bigarrena Portugaleten igandean. Biak TKE Ligako jardunaldien aurretik jokatuko dituzte, eta erlojuaren aurkako probak izango dira. Parte-hartzaileen maila ikusita «lehia estua» izango dela aurrikusi du Getariako Esperantza ontziko entrenatzaile Gorka Etxeberriak. «Erlojuaren aurka aritzea bidezkoa iruditzen zait. Izan ere, ohiko estropadetan kaleek zeresana izaten dute, eta horrelako igoera fase garrantzitsu batean talde guztiek baldintza berean arraunean egitea ezinbestekoa da». Oriotarrak uste du «bakoitzak bere lana egitea» izango dela asteburuan garrantzitsua, «gure lana egin eta akatsik ez egiten saiatuko gara».

Abuztuan amaitu zen KAE 1 Liga eta Getaria izan zen txapelduna. Ordutik asteburuko igoera estropadak prestatzen aritu dira, «ilusioz beteta eta maila onean» dago taldea. Denboraldian zehar urratsez urrats joan da Esperantza ontzia. «Hasieran ez genekien zer maila emango genuen, baja batzuk izan genituelako. Dena dela, ondo hasi ginen eta hori oso garrantzitsua izaten da ligan, sailkapenaren buruan kokatu ginen eta hor izan gara amaierara arte». Faktore psikologikoak kirolean asko eragiten duela uste du Etxeberriak, eta garaipenek taldea motibatzeko balio izan dutela. «Behetik gora gatozen taldea gara eta TKE Ligarako sailkatzea azken urtetan egindako lana borobiltzea izango litzateke».

Zumaia dena emateko prest

Zumaiako Telmo Deun trainerua ere asteburuko estropadak iristeko «irrikaz eta ilusioz beteta» dago. «Denboraldian zehar hobetzen joan gara eta igoera fasera iristea oso garrantzitsua izan da guretzat. Askok ez zuen taldean sinesten, eta Getariak estropada guztiak irabaziko zituela pentsatzen zuten. Dena dela, mutilek lana gogor egin dute eta erakutsi dute lehian egon daitezkeela», aitortu du Patxi Frances entrenatzaileak.

Francesek prestatzaile bezala jokatuko duen bostarren play off-a izango da asteburukoa, eta Zumaiako entrenatzaileak uste du Bermeoko estropadan igoera postuan sailkatzea izango dela gakoa. Aurkariei dagokionean hasiera batean Getaria eta Portugalete faborito direla uste du, baina zumaiarrak %100 ematera ureratuko dira. «Denboraldian zehar arraunlariek esperientzia hartu dute erlojuaren aurkako probetan, eta ziur nago lan ona egingo dutela».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide