Irailaren 27rako antolatu duten omenaldi ekitaldiaren aurkezpena gaur Donostian (Hodei Iruretagoiena/Berria.eus)
Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko hiru kide (Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz) fusilatu zituzten 1975eko irailaren 27an. 40. urteurrenean Egia bide, askatasuna amets lelo hartuta omenaldi ekitaldia antolatu dute irailaren 27rako, 13:00etan, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Senideek, Egiari Zor fundazioak, eta Goldatu, Intxorta 1937 eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteek antolatu dute ekitaldia, eta atxikimendua agertu du Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformak ere.
Euskal Herria "1975eko bidegurutzean" dagoela azaldu dute ekitaldiaren antolatzaileek. "Erreformaren erreforma, edo estatuaren benetako demokratizazioa", Josu Ibargutxi Goldatuko kidearen hitzetan. "Frankismoak ito zuen aukera demokratikoari bide emateko aukera dagoela uste dugu".
Horretarako, 1975eko irailaren 27an fusilatutakoen "konpromisoa hartu eta gaurkotzea" garrantzitsua dela deritzote, eta, besteak beste, horixe aldarrikatuko dute hilaren 27ko Zarauzko ekitaldian.
40 urteurren hau ez dute pasatzen utzi nahi: "Hamarkadetako gatazka gainditzeko aukera historikoak irtenbide politikoa exijitzen du, askatasuna, egia eta memoria kolektiboa uztarturik. Askatasunaren erronka gorena hori baita: pertsona guztien eskubide guztiak eta herritarron borondatea errespetatzeko hitza barne hartzen dituena".
Azpeitian, urteurreneko beste ekitaldi batzuk
Azpeitian ere 40. urteurrena gogoan hartuta hainbat ekitaldi antolatu dituzte datorren asterako. Irailaren 21etik 27ra bitarterako (astelehenetik igandera) erakusketa ibiltaria antolatu dute. Irailaren 24an (osteguna), Haizea eta sustraiak dokumentala emango dute, 21:30ean, Sanagustin kulturgunean. Irailaren 25ean (ostirala), hitzaldia izango da udaletxe azpian, 12:00etan.
Irailaren 26an (larunbata) Nuarbera mendi martxa egingo dute, 09:00etan Azpeitiko plazatik irtenda. Gero, 12:30ean, Otaegiren jaioterrian, Nuarben, omenaldi ekitaldia egiteko. Ondoren, bazkaria da Nuarben eta sarrerak Orkatz kultur elkartean eskuratu daitezke.
'Mañana cuando me maten' liburua
Francoren erregimenaren azken fusilamenduak gogoan, Mañana cuando me maten liburua idatzi du Carlos Fonsecak, eta gaur eguerdian (irailak 17) aurkeztu du Bilboko Elkar aretoan. Gaur arratsaldean, berriz, liburuaz hitzaldia emango du Donostian, 19:00etan, Elkar aretoan.