Gaur helduko da Urola Kostara Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko abuztuaren 5a

Zumaiara 12:30ak aldera iritsiko dira, Getariara 14:30ak aldean eta 17:30ak inguruan Zarautzera. Getarian harrera egingo diete eta Zarautzen ekitaldia izango da iluntzean.

Bizkaiko kosta zeharkatu ondoren, atzo sartu ziren Gipuzkoara Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxako parte-hartzaileak, Mutrikura, hain zuzen. Gaur, berriz, eskualdera iritsiko dira. Mutrikutik Zarautzerainoko 37 kilometroak egingo dituzte gaurko etapan. Txumai Iturria Mendi Martxa taldeko kideak adierazi du zarauztar ugari helduko direla trenez Debara, bertan Mutrikutik datozenekin bat egiteko. 08:20eko trena hartuta, 08:45ean iritsiko dira Mutrikuko tren geltokira, eta bertan elkartuko dira gainontzekoekin. Zumaiarako bidea hartuko dute guztiek elkarrekin, eta aurreikuspenen arabera, 12:30-13:00etan helduko dira.

San Telmo ingurutik jaitsiko dira, eta trikitilariek egingo diete harrera. Zuloaga ingurutik Askizura iritsiko da mendi martxa ondoren, eta 14:30ak aldean jaitsiko dira Getariako herrigunera, gutxi gorabehera. Txistulariek egingo diete parte-hartzaileei lehenbiziko ongietorria, eta ondoren, udal ordezkariek udaletxean hartuko dituzte.

Bazkaria eskainiko diete udalerrian, eta arratsaldean Zarautzera joango dira kostako bidetik, etapa bertan amaitzeko. 20:00etan izango da ekitaldia, Musika Plazan, eta Iturriak aurreratu du parte-hartzaile kopuru «nahiko txukuna» elkartuko dela bertan. Gaztelekuan egingo dute lo, eta hurrengo egunean Zarautz- Donostia ibilbidea egingo dute, Oriotik igaroaz, 08:00etan Zarauztik irtenda.

«Aspaldiko jendetsuena»

Abuztuaren 1ean hasi zuten Algortatik mendi martxa, Euskal Selekzioa Martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna! lelopean, eta 8an amaituko dute, Ziburun. Balorazio oso ona egin du Iturriak, eta aurtengo mendi martxa «aspaldiko jendetsuena» izaten ari dela gaineratu du . Batezbeste, 90 pertsona bildu dira, «kostako ibilbideak erakarrita».

Jendearen berotasuna nabarmendu du zarauztarrak: «Plentzian, Bakion, Bermeon, Ean... harrera izugarria egin digute. Ean, esaterako, batukada egin zuten eta larunbatetan izan ohi den kantu jira astelehenera atzeratzea erabaki zuten, mendi martxarekin bat egiteko».

2000. urtean egin zuten estreinakoz, ESAITen babesean. Aurten ez da horren gidaritzapean egin, udaberrian desagertu zelako taldea. Baina helburuak bera izaten segitzen du: kirolez kirol Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan eskubide osoz parte hartzeko eskubidea defendatzea.

Babesa eman dio Zarauzko Udalak mendi martxari

Zarauzko Udalak bat egin du Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxarekin eta aldarrikapenarekin, eta atxikimendua eman dio. EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek elkarrekin aurkeztu zuten osteguneko udalbatzarrean horren inguruko mozioa, eta baita onartu ere. Testuan jaso dutenaren arabera, udalarentzat ere «ezinbestekoa» da kirol arlo guztietan euskal kirolariek duten erabakitzeko eskubidea errespetatzea eta norberaren selekzioa aukeratu ahal izatea. Hala, arlo bakoitzean ofizialtasuna izango duen federazio nazional bat osatzea aldarrikatu dute.

PSE-EE abstenitu egin zen. Gloria Vazquez bozeramaileak nabarmendu zuen sozialistak beste gai batzuek arduratzen dituztela: bereziki langabeziak, gizarte desorekak, egoera ekonomikoak, ingurugiroak, askatasunak eta bizikidetzak. «Gure herriak arduratzen gaitu, herritarrek,  eta horregatik aurkezten ditugu zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko proposamenak. Lan asko dugu egiteko, eta ez dugu halako kontuekin denborarik galtzeko».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide