'Crowdfunding'-a jarri du abian Lou Topet talde zarauztarrak

Urola Kostako Hitza 2015eko abuztuaren 5a

«Akorde trafikanteak gara, letra trafikanteak, eta denbora luzez eta mimo handiz landutako plana da Abesti bat gutxiago». Lou Topet talde zarauztarraren eta Harkaitz Cano idazlearen proiektu berria da hori. Abeslari ipar amerikarren 10 abesti hautatu, moldatu eta euskarara itzuli dituzte, eta diskoaz gain, lan horretan jasotako anekdotekin liburua ere osatzea dute helburu.

Bertsiogintza eta itzulpengintza ardatz gisa hartuz, Canok itzulpengintza prozesua kontatuko du, eta Lou Topet arduratuko da abestiez.

Lan berria amaitzeko, ordea, laguntza behar dutela jakinarazi dute. Hori dela-eta, crowdfunding-a jarri dute martxan. 3.500 euroko aurrekontua ezarri dute, eta dagoeneko 2.157 euro jaso dituzte (atzoko datua da hori). Gaurtik hasita, 25 egunean amaituko dute bilketa (proiektua bultzatzeko: www.kickstarter.com/projects/loutopet/lou-topet-and-hcano-abesti-bat-gutxiago).

Ekarpena egiten dutenek materiala jasoko dute trukean. Hori bakoitzak jarritako diru kopuruaren araberakoa izango da. Aurreratu dute disko-liburua 2015eko urriaren erdialdera aurkeztuko dutela. Hainbat kolaborazio «sorpresa» izango ditu, eta Garate estudioetan grabatuko dute diskoa.

Taldeak berak ere hainbat aldaketa izan ditu. Esaterako, aurrerantzean Rafa Ruedak ordezkatuko du Unai Martinez gitarra-jolea. Ruedak, Oier Aranza- balek (gitarra, armonika eta ahots nagusia), Oihan Larrañagak (baxua) eta Ander Zulaikak (bateria) osatzen dute taldea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide