Uztailaren 28an, asteartean izango da Frontoi Txikiko VII. Emakumeen Pala Txapelketako hurrengo jardunaldia. Egun horretan finalerdiak jokatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Batetik, Leire Lopetegi eta Maialen Etxeberria zestoarrek, Mirian Galarraga eta Leire Perurena zizurkildarren kontra jokatuko dute. Bestetik, Ane Aizpurua eta Arrate Indo zarauztarrak, Garazi Eizmendi eta June Aldai aiarren aurka lehiatuko dira.
Aurreko jardunaldian, ostegunean, Galarragak eta Perurenak Eider Otaegi eta Olatz Abadia donostiarrei 30-15teko emaitzarekin irabazi zieten, eta Aizpurua-Indoren eta Maitane Sarobe-Idoia Tejedor hernaniarren arteko arteko lehia ere emaitza berarekin amaitu zen, lehenbiziko bikotearen alde. Hori dela eta, finalerdietarako sailkatu dira zizurkildarrak eta zarauztarrak.