Igor Iturain Aiako zinegotzia (EAJ) izango da Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari berria. Horrek hartuko du Amaia Guruzeta aurreko lehendakariaren lekukoa 2015-2019 bitarteran. Hala erabaki zuen eskualdeko batzorde orokorrak herenegun egin zuen batzar nagusian. 31 boto jaso zituen aiarrak eta 24 boto Naiara Carvajal Zarauzko EH Bilduko zinegotziak. Hala, gehiengoz izendatu zuten Iturain eskualdeko mankomunitateko lehendakari.
Horrek, eskerrak eman ondoren, gogoratu zuen Urola Kostako Udal Elkarteak bost herri—Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia—hartzen dituela bere gain eta bost udalerriak hartu behar direla kontuan. «Gure aldetik, bost herrietako alderdiak eta ordezkaritzak hartuko ditugu kontuan». Zentzu horretan, euren lana «ahal den heinean» guztiekin adostea izango dela nabarmendu zuen. «Guztiekin hitz egingo dugu. Gure bulegoetako ateak irekita izango ditugu».
Datozen lau urtetan «erronka nagusi bat» dute, Iturainen arabera: mankomunitateari norabide berri bat ematea datozen urte luzeetarako. «Dakizuen bezala, azken urtetako gai nagusietako bat zabortegia izan da. Zabortegia, zorionez, aurreko agintaldian, 2014ko bukaeran itxi zen eta horrek orain baditu egin beharreko lanak. Nire ustez, hori da erakunde honenlan ildo nagusietako bat, eguneroko lanez aparte». Erronka horretan, euren esku dagoen «guztia» dutela adierazi zuen mankomunitateko lehendakari berriak.
Bestalde, lehendakariordea ere aukeratu zuten herenengungo batzar nagusian. Jesus Arana Zarauzko EAJko zinegotziak 32 boto jaso zituen eta Carvalek, berriz, 24 boto. Arana izendatu dute, beraz, lehendakariorde.