Eneida Etxabe entrenatzailea, gustura Getaria-Zarautz traineruaren lehen garaipenagatikk

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 22a

Getaria-Zarautz trainerua, pasa den asteburuan lanean (Argazkia: Klausser)

Traineru denboraldia pil-pilean da, eta asteburuko hainbat estropada Orion jokatu ziren asteburuan. Bisigua Orio Estilora jaiarekin bat egin zuten traineru norgehiagokek, eta giro paregabea sortu zen plazan eta ibai ertzean. Larunbatean Euskotren eta San Miguel ligetako estropadak jokatu ziren Oria ibaian erlojuaren aurka, eta emakumezkoetan San Juanek eta gizonezkoetan Hondarribiak lortu zuten Orioko Kanpina bandera etxera eramatea. Igande arratsaldean, bestalde, KAE 1 Ligako eta emakumezkoen Gipuzkoako Ligako jardunaldiak jokatu ziren. KAE 1 Ligan eskualdeko taldeek banderarik lortu ez bazuten ere, emakumezkoetan Getaria-Zarautz izan zen azkarrena.

Igandekoa, Getaria-Zarautz traineru gazteak irabazi duen lehen bandera izan zen. Nagusitasunez irabazi zuten, gainera; 15 segundo atera zion bigarren sailkatu zen Donostiarra taldeari. «Gustura» dira entrenatzailea eta arraunlariak. «Talde berria gara, eta inoiz banderarik irabazi gabeko arraunlariak ere baditugu taldean. Badakigu Euskotren Ligan jokatzen duten traineruek ez zutela parte hartu, baina, dena dela, ilusioa egin digu bandera irabazteak», azaldu du Eneida Etxabe entrenatzaileak. Bandera orain arte egindako lanarentzat «saritxoa» dela uste du: «Lan ona egiten ari garenaren seinale da, eta urratsez urrats orain arte bezala aurrera jarraitu behar dugu. Giro ederra eta ilusioa dugu, hori da garrantzitsuena».

Zumaiarrak lider

Igandean Portugaleten jokatu zen Euskotren Ligako traineru estropada, eta Zumaiak irabazi zuen Euskotren Bandera, bueltako luzean lan bikaina eginda. Estropada hasi orduko sanjuandarrak jarri ziren estropadaren buruan, eta traineru gorriari zazpi segundoko aldea atera zieten lehen luzean. Balizara iritsi zirenean, ordea, ziaboga oso zabala hartu zuten sanjuandarrek, eta hiru-lau segundo galdu zituzten. Azkar erreakzionatu zuten zumaiarrek eta San Juani aurre hartuta, estropada irabazi zuten. Oriotarrak laugarren sailkatu ziren. Asteburuko garaipenarekin zumaiarrak liderrak dira Euskotren Ligan, San Juanekin batera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide