Agenda ondo antolatu beharko dute arraunzaleek, estropadaz beteta dator-eta asteburua. Euskotren Ligako sailkatze estropadekin batera, San Miguel Ligako laugarren eta bosgarren jardunaldiak jokatuko dira Pasaian eta Donostian. Galiziako estropada-eremu bihurrietako emaitza kaskarrak atzean utzi nahiko ditu Oriok, berriro gora begira jartzeko.
Estropada berezia izango da Pasaiakoa (larunbatean, 18:00etan): badia barruan jokatuko da, eta bost ziaboga eta sei luze egin beharko dituzte. Interesgarria izango da traineru bakoitzaren estrategia alderatzea tripulazioa osatzeko garaian. Estropada oso gogorra izango da, eta bost ziaboga horiek erabakigarriak izan daitezke. Talde indartsuena edo arinena, zer den komenigarriago, hor asmatzen duenak asko izango du irabazita.
Donostian Eusko Label bandera jokatuko dute igandean, 12:00etan.
KAE Liga
KAE Ligan ere ez dago atsedenik. KAE 1eko estropada larunbatean jokatuko da, Donostian (17:30ean). Azken bi banderak Zumaiak irabazi ditu, eta seguru berriro lehen postuetarako lehian izango direla zumaiarrak eta getariarrak. Getariak oraindik lau puntuko aldea du sailkapen nagusian, eta lidertza egonkortu nahi du.
KAE 2ko estropada igandean jokatuko da, Donostian, Euskotren eta San Miguel ligen aurretik (11:30ean).