Gaur eguerdian uztailaren 13tik 16ra bitartean Orion eta Zarautzen jokatuko diren Uretako Joku Atlantikoak aurkeztu dituzte Donostian. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari Jon Redondok, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak Uretako Joko Atlantikoak aurkeztu dituzte Donostian. Datorren astelehenetik ostiralera bitartean jokatuko dira Orion eta Zarautzen eta arrauna, bela, surfa, piraguismoa, igeriketa, urpeko jarduerak eta ur sorospen kirol espezialitateak bilduko ditu txapelketak. Atlantiar isurialdeko 15 lurraldeetako ordezkariek parte hartuko dute txapelketan; besteak beste Pays de la Loire, Bretainia, Akitania, Devon, Gales, Vina de Castelo, Galizia, Gaztela eta Leon, Nafarroa eta Euskadi Basque Country selekzioek. Denera 550 kirolarik parte hartuko dute lehian.
Astelehen arratsaldean egingo dute inaugurazio ekitaldia; lehenik eta behin Orioko Mendibeltz futbol zelaitik kirol portura desfilea egingo dute parte-hartzaileek eta 20:00etan ekitaldi berezia izango da kirol portuan. Asteartean, asteazkenean eta ostegunean kirol lehiak jokatuko dira egun osoan zehar. Ur sorospen eta bela norgehiagokak Orioko arrantza portu inguruan jokatuko dira, igeriketa eta urpeko jarduerak Oribarzar hondartza inguruan eta arrauna eta piraguismoa Arraunetxearen bueltan; surf txapelketa bestalde Zarauzko hondartzan jokatuko dute.
Orioko eta Zarauzko alkateak gustura dira Joko Atlantikoak egiteko beren herriak aukeratu dituztelako. "Antolaketa bilera batean Atlantic Games erakundeko arduradun batek aitortu zidan 21 urtetan izan duten tokirik egokiena dela Orio eta Zarautz ingurua, inguru paregabea izateaz gain kirol azpiegiturak eta kirolarien ostatua oso gertu daudelako" zehaztu du Zalduak aurkezpenean . Bestalde, Txurrukak nabarmendu du "Orio eta arrauna bat diren bezala, Zarautz eta surfa ere bat direla.Ziur nago herri bakoitzak bere onena emango duela eta txapelketa bikaina izango dela". Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari Jon Redondok zehaztu du helburua "ahalik eta joku onenak antolatzea eta Euskadiko selekzioko kirolariek maila txukuna" ematea dela. "Euskadiren garrantzia gero eta nabarmenagoa izaten ari da Uretako Joku Atlantikoetan eta aurtengoan ere horrela izatea nahiko genuke".
Uretako Joko Atlantikoak Bretanian sortu ziren 1995ean, Europako atlantiar isurialdeko lurraldeetako kirol, turismo eta kultur arloa sustatzeko. Ordutik Europako hainbat lurraldetan egin izan dira; tartean Getxo-Sopela inguruan 2008an.
EGITARAUA
Uztailaren 13a, astelehena
- 19:00etan, desfilea Orioko futbol zelaitik kirol portura.
- 20:00etan, inaugurazio ekitaldia kirol portuan
Uztailak 14, asteartea.
- Piraguismoa, igeriketa, arrauna eta urpeko jarduerak 13:00etatik 17:00etara.
- Ur sorospena: 13:00etatik 19:00etara.
- Surfa (Zarautz): 09:00etatik 20:00etara.
- Bela: 12:00etatik 18:00etara.
Uztailak 15, asteazkena.
- Piraguismoa, igeriketa, arrauna eta urpeko jarduerak 14:00etatik 17:00etara.
- Ur sorospena: 10:00etatik 19:00etara.
- Surfa (Zarautz): 09:00etatik 20:00etara.
- Bela: 12:00etatik 18:00etara.
Uztailak 16, osteguna.
- Piraguismoa, igeriketa, arrauna eta urpeko jarduerak 15:00etatik 18:00etara.
- Ur sorospena: 10:00etatik 19:00etara.
- Surfa (Zarautz): 09:00etatik 20:00etara.
- Bela: 12:00etatik 18:00etara.
Uztailak 17, ostirala.
- 19:00etan, amaiera ekitaldia Zarauzko Munoan.