Aurrena lagunartea, gero futbola

Nerea Uranga 2015eko uztailaren 9a

Lagun Onak, Zarautz, Orioko, Zumaiako eta Zestoa futbol taldeak egun hauetan Donosti Cup neska-mutilen futbol txapelketa jokatzen ari diren 440 taldeetako batzuk dira. Partidak 31 futbol zelaitan jokatzen ari dira, tartean Orioko Mendibeltzen, Zumaiako Aita Marin eta Zestoako Iraetan.

Astelehenetik sailkapen faseko lehia jokatu dute, eta gaurtik txapeldunen liga hasiko dute multzo bakoitzeko aurreneko bi taldeek: Zarautzek eta Zumaiakok derbia dute gaur, 17:00etan, Andoainen. Multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarrenek, berriz, Play Off B jokatuko dute.

Zestoa taldea eta United FC taldeetakoak herenegun Iraetan (Nerea Uranga/Hitza).

Zestoako G-16 mailako neskek 5-0 galdu zuten etxean herenegun Ameriketako Estatu Batuetako United FCren kontra. Bigarren partida zuten eta biak galduta, baina hala ere gustura zeuden zestoarrak. Honela zioen partida bukatu berritan Amaia Subinas Zestoako kapitainak: «Aurten aurreneko aldia da Donosti Cup jokatzen dugula, eta oso gustura gabiltza. Guretzako oso esperientzia ona da horrelako taldeen kontra jokatzea. Jokoan izugarrizko aldea antzeman dugu, ordea». Partida bukatutakoan  aurkariekin pixka bat hitz egiten ere egon ziren, «ingelesa praktikatzen».

Sailkapen fasean hiru partida jokatu dituzte: AEBko bi talderen eta Dubairen kontra. G-16 mailako Zestoak sailkapen faseko hiru partidak Iraetan jokatu ditu, baina herriko beste nesken taldeak Zumaian eta Oiartzunen ere jokatu behar izan du.

Txapelketako giro ona

Horregatik, Jexux Aranguren Zestoako kadeteen eta infantil nesken entrenatzailea toki guztietara ezin iritsita dabil, hala zioen herenegun arratsaldean Iraetan: «G-14 mailako taldearekin Zumaian jokatu dugu, han ere Ameriketako beste talde bat [Roadrunners] izan dugu aurkaria, eta galdu egin dugu». Galduta, baina gustura jardun dute: «Ederki ibili gara, sasoi ederra daukate denek. Txapelketa honen ederrena dagoen giro ona da».

Zumaiako partida bukatu eta handik Iraetara zegoen etorrita, eta harekin batera beste lau jokalari ere bai: «Meritu ederra daukate jokalari hauek, Zumaian jokatu eta orain Iraetara etorri dira beste partidara. Bi talde osatzeko horrela ibili beharra daukagu».

Zestoako futbol klubeko zuzendaritzako Imanol Esnalen laguntza du Arangurenek txapelketan: «Entrenatzaileak bi tokitan ezin egon aldi berean, eta ni ari natzaio laguntzen».

Zestoako futbol klubak zortzi talde ditu federatuta. Aurtengo Donosti Cup-en Zestoako hiru ari dira lehian: infantilak, kadeteak eta jubenilak. «Emaitza onak baino, ondo pasatzea, gozatzea eta lagunartea dira guretzako garrantzitsuenak», zioen Esnalek.

Zestoako jokalariek Donostia Cup-en parte hartzeko dirua eurek ordaindu dute. «Gu elkarte txikia gara, eta jokalariek beraiek ordaindu dute parte hartzeko».

Donostia Cup jokatzen ari den Zarautz taldea.

Jokalarien ekimenez

Zarautzeko B-16 mailako taldea, berriz, jokalarien ekimenez ari da parte hartzen Donosti Cup-en. «Iaz, kadete mailan aritu ziren jokalariek, taldean giro ona zutela-eta txapelketan parte hartzeko gogoa erakutsi zuten. Euren kabuz antolatuta babesleak lortu eta txapelketa jokatu zuten. Aurten ere berdin egin dute. Bizitzarako formakuntzarako adibide polita da gure ustez, eta Zarautz klubaren izenean ari direlako gu harro gaude», dio Markel Osa Zarautz Kirol Elkarteko futbol arloko presidenteak.

Zarautz klubaren izenean ari dira, txapelketan parte hartzeko baldintzetako bat elkarte edo eskola baten izenean jardutea delako. «Zarautz elkarteko Ohorezko Kadeteen taldea entrenatzen nuen, eta talde hau osatu zenean, klubari baimena eskatu nion Donosti Cup-en bere izenean aritzeko», azaldu du Iban San Martin Zarautz taldeko entrenatzaileak. San Martinen laguntzaile Raul Parmo aritzen da.

Aurten, Donostia Cup-en parte hartu ahal izateko hiru babesle lortu ditu Zarautz taldeak: Zarauzko Itxas Lur eta Zorutek eta Getariako Elkano. «Hauek emandako laguntzarekin kamisetak atera eta txapelketako izen ematea ordaindu ditugu», dio San Martinek. Gainontzean, partidetara gurasoekin autoetan joaten dira.

Derbia gaur

Iaz Zarautz Donostia Cup-eko finalerdietaraino iritsi zen. Aurten dagoeneko, sailkapen faseko hiru partidak irabazi dituzte, eta txapeldunen liga jokatuko dute. Aurreneko partidak emozio berezia du, Zumaiakoren kontrako derbia jokatuko baitute; gaur da, 17:00etan, Andoainen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide