Altunaren lana aurten irabazle

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 29a

Artezaleak taldeko kideen iritziz «gero eta zailagoa da artistak kalean margotzen ikustea», eta Aire Zabaleko Pintura Lehiaketarekin ohitura berpiztu nahi izan dute.

Juan Jose Altunak irabazi zuen igandean Zarauzko Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa. 44 margolarik parte hartu zuten 49. Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa Azkarrean, eta Altuna bergararraren lanari iritzi zioten onena. Dena dela, epaimahaiko kideek azaldu dutenez, «maila handia» izan zen lehiaketan, eta «asko kostatu» zitzaien saridunak aukeratzea. Bigarren sailkatua Eneko Arruza izan zen, eta hirugarrengoa, berriz, Carlos Espiga. Hala, 1.000 euro jaso zituen Altunak, 800 euro Arruzak eta 500 euro Espigak. Lehenbiziko zarauztarra, berriz, Joseba Iruretagoiena izan zen, eta 300 euro jaso zituen horrek. Lan guztiak Etxezabalan jarriko dituzte ikusgai.

Haurren artean margotzeko zaletasuna sustatzeko gazte mailako lehiaketa ere egin zuten: Unai Ramos izan zen lehen sailkatua, eta pintura maleta bat eskuratu zuen sari modura.

Zarauztar gehiagoren bila

Iaz zendu zen Julian Ugarte artista zarauztarrak sortu zuen 60eko hamarkadan Zarauzko Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa Azkarra. Krisiaren eraginez, hiru urtez ez dute antolatu, eta aurtengoan lehiaketa berreskuratzea erabaki zuen Artezaleak taldeak, Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Modu horretan, Ugarteri omenaldi bat egin nahi izan diote. Antolatzaileak oso gustura daude lehiaketak izan duen harrerarekin, eta herritarren artean margotzeko zaletasuna pizteko balio izana espero dute. «Garai batean ohikoagoa zen artistak kalean margotzen ikustea. Ohitura hori galdu egin da, eta lehiaketarekin berpiztu egin nahi izan dugu hori. Bestetik, datorren urtean zarauztar gehiagok parte hartzea nahiko genuke».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide