[caption id="attachment_155107" align="alignleft" width="203"] Photomuseumen ikusgai den irudia. (Photomuseum)[/caption]
Argazkigintza komikigintzan erakusketa ikusgai jarri dute Photomuseumen. Astelehenean ireki zuten Luis Gasca komiki gaietan adituak Koldo Mitxelena Kulturuneko Komikugune zerbitzuaren funtsean oinarrituta Photomuseumerako prestatu duen erakusketa. Irailaren 13ra bitartean egongo da ikusgai, eta bertan komiki aukera zabalaz gozatu daiteke. Helburua da istoriotxo grafikoetan argazkilariak irudikatzeko erabili dituzten hamaika moduak eskaintzea.
Photomuseumeko arduradunek azaldu dutenez, «argazkigintzan jarduteko modu desberdinak jasotzen ditu erakusketak: argazkilari zaleak, profesionalak, gerra erreportariak eta kale-argazkilariak, esaterako». Luis Gascak irudikapen desberdin horiek hamar ataletan bildu ditu eta horrela argazkigintza eta komikigintza uztartzen dituen mundu aberatsaren ikuspegi panoramikoa eskaini du.
Komikiek eduki eta gai aukera zabala eskaintzen dute, «kioskoak eta liburu dendak betetzen dituzte eta egun erakusketetan eta museoetan ere beren lekua dute».
TBOa ez, eleberri grafikoa
Euskal Herrian urte askotan zehar istorieta edo TBO izenez ezagutu izan dira komikiak. Izan ere, TBO Espainian 1917tik 1998ra bitartean asteroko maitasunez argitaratzen zen istoriotxo grafikoz osatutako aldizkaria zen, eta hortik etorri zen komikiei TBO hots egiteko ohitura. Dena dela, komiki adituen esanetan «TBO kontzeptuak ez ditu zehatz-mehatz gaur egun komiki hitzari dagozkion aldaerak bereganatzen». Horregatik, komiki adituei egokiagoak iruditzen zaizkie eleberri edo nobela grafikoa moduko terminoak erabiltzea komiez aritzerkoan.