Eskubaloia hondartzako errege

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko uztailaren 1a

Asteburuan Txaparrotan Eskubaloi Txapelketa jokatuko dute Zarauzko hondartzan. Lehian 110 taldek hartuko dute parte, eta 840 haur eta gaztetxo bilduko dira.

Larunbatean hasita, XII. Txaparrotan Eskubaloi Txapelketa jokatuko dute Zarauzko hondartzan; larunbatean eta igandean haurren txapelketa jokatuko dute, eta hilaren 11n eta 12an helduen txanda izango da. Antolatzaileak gustura dira hondartzako eskubaloi lehiak izan duen harrerarekin: «Urtez urte parte -hartzaile kopurua handitzen ari da. Haurren mailan izena emateko epea itxi dugu, eta 110 taldek parte hartuko dute aurten, 840 haur inguruk». 6-8 laguneko taldeak izango dira, eta izena eman dutenen %80 zarauztarrak direla nabarmendu dute antolatzaileek. Dena dela, «inguruko herrietatik ere taldeak etorriko dira, baita Errenteriatik, Elgoibartik eta Bizkaiko bateren batetik ere», esan du Joana Agirrezabal antolatzaileak.

Bestalde, gogoratu dute gaur dela izena emateko azken eguna helduen txapelketan jokatu ahal izateko.

Txaparrotan aplikazioa

Txaparrotan txapelketa jokatzera gero eta talde gehiago animatzen dela ikusita, aurten gehienezko parte-hartzaile kopurua 100 taldetara mugatu dute antolatzaileek haur eta helduen mailan. «Dena dela, haurren mailan beste hamar taldek parte hartzerik baduten eskatu digute, eta baiezkoa esan diegu, haurrak direnez ez baitugu inor kanpoan utzi nahi». Antolatzaileek gogoratu dute lekua dela arazoa. «Desertu Txikian lekua mugatua da, eta ez gara sartzen, horregatik erabaki genuen parte hartzea mugatzea. Lehen lau zelai egokitzen genituen, eta orain sei zelai izaten ditugu», zehaztu dute.

Horretaz gain, parte-hartzaile kopurua hazten joateak antolaketari dagokionez ere hainbat zailtasun eragin ditu. Antolatzaileentzat gero eta zailagoa izaten da kirol egitasmoa koordinatzea. «Lana errazte aldera aurten web aplikazioa abiatu dugu. Alde batetik, bertan izena emateko aukera egongo da. Eta bestetik, partiden ordutegiak, emaitzak eta sailkapena eskainiko ditu besteak beste aplikazioak», azaldu Agirrezabalek.

Txapelketan izena eman dutenek, posta helbidea eta pasahitza zehaztu dute inskribatzerakoan, beraz aplikazioan sartzen direnean partida ordutegi osoa ikusi beharrean, beren partidak ikusiko dituzte. Baita norbere multzoko partiden emaitzak ere.

Eskubaloi partidak festa giroan jokatzen dira Txaparrotan eskubaloi txapelketaren barruan. «Eguraldia lagun izatea espero dugu eta haur, gazte eta helduak jaian parte hartzera animatu nahi ditugu, giro ederra izango baita».

Txapelketa 10:00etan hasiko da, eta 20:00ak ingurura arte etengabe partidak jokatuko dituzte. Igande arratsaldean izango dira finalak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide