Europako Mendietara irteera antolatu du Zarauzko Pagoeta Mendizale Elkarteak

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 30a

Uztailaren 17an , gauerdian irtengo dira mendizaleak Zarauztik eta ohedun autobusean pasako dute gaua. Goizean, gosaldu ostean, Tuizatik (1.212 metro) irtengo dira eta Meicingo aterpetxerra igoko dira. Ondoren, Terreroseko lepotik La Carbarako bidea egingo dute parte-hartzaileek. Leku beretik itzuliko dira, eta Vega de Candiochesetik igarota, Vega de Axeiterara helduko dira. Puerto del Palotik Tuizara jaitsiko dira ondoren. Lehenbiziko eguneko ibilbidea 13,3 kilometro ingurukoa izango da eta zazpi ordutan egingo dutela aurreikusi dute.

Bigarrengo egunean ere Tuizatik irtengo dira, baina beste norantzan joango dira, El Visuko lepora. Tapinon mendiari buelta emanez, Braña Valsecutik pasatuko dira eta eguneko punturik altuenera helduko dira: Traslacuevara (1.723 metro). Laku baten ondotik igaroz, Foz Granden sartuko dira, eta handik iritsiko dira Llindesera. Ibilbide hau ere 13 kilometro ingurukoa izango da, bost ordu inguruan egitekoa.

Riopasoko Hosteria del Huerna hotelean egingo dute lo. Antolatzaileek gomendatu dute makilak, praka luzeak, berokia, euritakoa, eguzkitako betaurrekoak, krema, eskularrua, txapela eta bestelako materiala eramateko, eta baita bi egunetarako mokadua eta ura ere. Halaber, lehen egunerako motxila eta gainerako ekipajea bereitzita eramatea komeni dela nabarmendu dute.

Izena uztailaren 1ean, 2an zein 6an eman ahalko da. Derrigorrezkoa da federatuta egotea, eta federatuta ez dagoenak aukera izango du horretarako, Pagoeta Mendizale Elkartean webgunearen bidez, pagoetame@gmail.com helbidera idatzita zein 943-132911 telefonora deituta, elkartera. Izena emateko elkarteko lokalera (Santa Marina kalea, 2-1) joan beharko da, 20:00etatik 21:00etara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide