Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan Kazetari Berria Saria eman diote Samara Velte zarauztarrari, Berria-n Eskoziako erreferendumaren berri emateko egindako lanagatik. Veltek agertu zuen analisirako eta hausnarketarako gaitasuna nabarmendu zuen sariketako epaimahaiak.
Saria jasota, «euskal kazetaritza mundua begiratzeko leihoa» dela esan zuen larunbatean: «Jendeak gure hedabidea aukeratzen badu, eta ez handiago bat, munduari begiratzeko era propioa dugulako aukeratzen du. Horrek pentsarazten du hala dela bagarelako nor munduan, txikia izanagatik ere, euskal kazetaritza badela geure leihoa munduari begiratzeko».
Sari Nagusia Julen Iriondori eman diote, hiesari eta Jon Salaberriari buruz Goiena-n egindako erreportajeagatik. Bi aipamen berezi egin dituzte baita ere. Bata, Mikel Ibargoieni Gaur8-n emakumeen kirola «topikoetatik harago» ikustarazteagatik eta bestea Iñigo Astizi Berria-n argitaratutako Kantuan diren lekuak sortagatik.