Absolbitu egin dituzte Garazi Mugertza zarauztarra eta Ernaiko eta Topatu-ko beste zazpi gazteak. Baina, epaiketako lehenbiziko saioan egindako protestagatik inputatu dituzte.
«Pozik esan beharko, epaia nolabaiteko justiziara gerturatu delako. Baina kontu honek guztiak ez zuen hasi ere egin behar», nabarmendu du Garazi Mugertzak, «terrorismoa goratzea» egotzita epaitu duten zarauztarrak. Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Mugertza eta beste zazpi gazteak. Hala ere, lehenbiziko saioan egindako protesta ikertzeko agindu dio auzitegi horrek Torrejon de Ardozeko epaitegiari. Maiatzaren 28an gertatu zen hori. Maialen Etxeberria auzipetuak deklaratu ostean, auzipetuek Libreko elastikoak kendu zituzten soinetik, eta Gasteizko herri harresian atxilotutako zazpi gazteen argazkiak zituzten beste elastiko laranja batzuekin geratu ziren.
Epaileari bizkarra emanez eta Euskal gazteria aurrera oihukatuz, herri harresia irudikatu zuten orduan. Horren aurrean, auzipetuak kaleratu egin zituzten Auzitegi Nazionaletik, eta ondorioz, epaiketa eten zuten. «Azken finean, gauza bategatik ala besteagatik gazteen kontra eta desobedientziaren kontra egin nahi dute», adierazi du Mugertzak.
Zarauztarraz eta Etxeberriaz gain, Ernai gazte antolakundeko Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Mikel Button, Aitor Anda eta Mikel Moreno eta Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegi epaitu dituzte maiatzaren 28tik ekainaren 16ra artean, 2013an Urduñan egindako Gazte Danbadaren harira. Bertan, Xabier Lopez Peña Thierry presoa espetxe politikaren ondorioz hil zela salatu zuten.
Zehazki, Sienra, Elizburu, Etxebarria, Button, Anda, Mugertza eta Morenori Ernaiko zuzendaritzako kide izatea leporatu zieten Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, eta ondorioz, Danbadako ekitaldian egindako salaketa hori haien ardurapean egin zela egotzi zieten. Salegiri, berriz, kazetari gisa salaketa hori Topatu.info-n jaso izana egotzi zioten, eta Periko Solabarria zenari ekitaldian Lopez Peñaren inguruan hitza hartu izana. Horrek ez zuen epaiketan parte hartu, osasun arazoak medio.
Hori dela eta, hemezortzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorra eta hamar-hemezortzi urte bitarteko inhabilitazioa eskatu zuten auzipetuentzat.