Zarauzko Santa Klarako pasabideko lanen proiektua idazteko prozesua abian da

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 1a

Zarauzko Udalak eman du lehen pausoa «agintaldi honetako lehentasunetako bat» aurrera eramateko: Santa Klaran, trenbide gaineko egungo pasagunea kentzekoa, hain zuzen. Erakundeak zenbait bilera egin ditu Eusko Jaularitzako ETS Euskal Trenbide Sareko ordezkariekin, eta izandako elkarrizketen ondoren, ETSk oinezkoentzako lur azpiko pasabidea idazteko lehiaketa publikoa antolatzea erabaki du.

Hilaren 22ra arte aurkeztu ahalko dira eskaintzak, ETSren egoitzan. Proposamen ekonomikoaz gain, metodologia, eskaintza teknikoaren kalitatea eta egungo pasabidea kentzeko alternatibak ere baloratuko dituzte ETSko ordezkariek.

Eraikitze faseari heldu aurretik, lehiaketa irabazten duenak pasagunea kentzeko dauden aukerak aztertuko ditu, eta baita hirigintza eta ingurumen ikuspuntutik nola integra daitezkeen ere. Halaber, proposamenak aztertuko du trenbidearen zirkulazioan izan dezakeen eragina ahalik eta txikiena izatea, eta bideragarritasunari eta ingurumenari ere ahalik eta kalte gutxien eragitea.

Fase horretan bizilagunen iritziak ere jasoko ditu udalak. Aurrez ere, urte hasieran proiektuaren zirriborro bat aurkeztu zuen erakundeak, eta hori hobetzeko asmoz, Azken Portuko bizilagunen ekarpenak jaso zituzten. «Urbanizazioa modu batera ala bestera planteatzeak eragin handia izan dezake Santa Klara kaleko jarduerengan, eta horregatik kontuan hartu nahi ditugu beraien beharrak», adierazi du Xabier Txurruka Zarauzko alkateak. Hala, prozesua gertutik jarraituko dutela adierazi du, hori guztia bermatu ahal izateko.

Lau hilabeteko epea egongo da proiektua idazteko. 55.000 euroko aurrekontua gorde dute horretarako; ETSk hartuko du bere gain kostu hori.

Herrirako garrantzitsua

Alkatearentzat «oso positiboa» da Santa Klarako pasabideari dagokionez emandako pausoa. Haren arabera, erabaki horrekin mugikortasun eta segurtasun aldetik estrategikoa den proiektu bat «desblokeatuko» baita. «Ziur aski Azken Porturako ekintza premiazkoenetariko bat da hau, eta baita Zarauzko garrantzitsuenetariko bat ere», nabarmendu du. Izan ere, jende askok gurutzatzen du Azken Portu eta erdigunea lotzen dituen gune hori, oinez zein bizikletan.

Horregatik, duela urte batzuk trenbidea lur azpira eramateko saiakerak egin ziren, baina proiektua konplexua zenez eta krisi ekonomikoa medio, adostu dute lur azpiko pasabidea egitea dela alternatiba «bideragarriena». Horregatik, Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera eskertu du Txurrukak, eta ETSk hartutako erabakia horren adierazle dela nabarmendu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide