Nire izena Amancay da eta bost astez behin hedabide honen bidez zuekin komunikatuko naiz gai ezberdinak jorratuz. Gaur kulturaz eta gure gizartean, tamalez, itzaltzen ari den goseaz jardun nahiko nuke. Kulturako esparru ezberdinak jorratzen ditut: musika, interpretazioa eta dantza dira nire ondasun eta pasioa, eta disziplinok kentzen eta jartzen dizkidate buruko minak egunero.
Aurreko astean, Musikarik (Euskal Herriko musikarien elkarteak), Jabier Muguruzarekin batera, musikariek bizi duten momentu latzei buruzko hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten. Oso gai garrantzitsua, eta une honetan pil-pilean dagoena iruditu zitzaidan, eta gustura joan nintzen nire iritzi xumea emateko asmoz. Eta, bide batez, Jabier bezalako musikari esperimentatu eta interesgarri baten iritzia entzuteko gogoz.
Askotan irten zen gure ahoetatik kultur gose falta horren oihartzuna. Euskaldunok munduaren aurrean harro agertu izan gara kulturarekiko dugun interes eta maitasuna erakutsiz, baina tamalez esan beharra daukat taula gainean egunero ibiltzen garenok ez dugula perzepzio berdina. Gosea falta zaigu. Dena dugun gizarte honetan, guztia klik batean izan dezakegun gizarte honetan, garrantzitsuena falta zaigu. Gosea.
Jabierrek gauza ederra esan zuen, barruraino iritxi zitzaidana: dena izateak eta ezer ez izateak elkartuak dauden kontzeptuak direla. Hau ote gertatzen ari zaiguna?
Errealitate bat da, musikan edo antzerkian ibiltzen garenontzat, antzeztoki bat edo areto bat betetzea kostatu egiten dela. Inoiz ez dakizu zeren esku dagoen azken hau... berdin da talde ezagun edo goi mailako obra bat izan ala ez.... gaur egun inoiz ez da jakiten zer gertatuko den, nola jokatuko duen publikoak, noiz beteko den aretoa. Eta gu, hortik bizi gara. Askori entzuten diet sarrerak garesti daudela esaten, gaur egun asko kostatzen dela antzerkira joatea, zinemara edo kontzertu on bat ikustera. Asko esaten dugunean, gehienetan hamar euroetara iristen ez diren sarrerez hitz egiten ari gara. Hamar euro! Hamar euro, lagunok, ez da ezer edozein espresio artistikoren atzean dagoen lan guztia kontutan izaten badugu. Hau honela izanik beste zalantza bat sortzen zait.
Baloratzen dugu kultura? Badakigu artista hitzak (bere osotasunean) esan nahi duena? Lan serio bat bezala baloratzen dugu? Zuen seme-alabetako batek aktore izatea nahi duela eta horretarako ikastera joango dela esango balizueke zer esango zenieke? Ezagutzen dugu eta baloratzen dugu disziplina ezberdinetan jarduten dugunon lana? Lanean pasatzen dituzten orduak zuen lan orduen berdinak direla esango zenukete? Zer egin dugu gaizki lan honetan jarduten dugunok, hau honela ez izateko?
Inoiz dantza klaseak ematetik irten eta Grises taldearen entseguetara noala, gaueko 21:30ean, lagunen batekin edo topatu izan naiz, eta esan dit: «Nola bizi zaren! Alde batetik bestera biran, entseguak egiten...».
Egia esan oso gustura bizi naiz egiten dudana egiten, ez nuke jakingo hau ez den beste ezer egiten, baino Jabierrek zioen bezala neu ere askotan sokatira batean bizi naizela sentitzen dut.... pixkanaka-pixkanaka galtzen noan sokatira batean... eta bihotza apurtzen dit honetaz jabetzeak.
Gizartea aldatzen ari da, humanismoak gero eta garrantzia gutxiago du gure egunerokotasunean. Pitagorikoek Sokrates jan dute, eta gu goserik gabe geratu gara. Imaginatzeko, jolasteko eta espresatzeko goserik gabe. Honek jaten ematen ez duelako edo, gure txikiei beste gauza batzuk erakusten dizkiegu. Bizitza honetan probretxuzko zerbait egin beharra baitago, lehen ere nahiko gogorra baita bizitza.
Nire arimak ala ere badu gose berezi bat, musika nota bat entzuteak betetzen nauena. Aktore baten hitz batek, margolan baten koloreak, gorputzen mugimenduak, liburu on baten usainak edo eskultura baten formak asetzen dutena. Eta ez, ez nuke zuek gose horren berri ez izaterik nahi. Eta bai, lanean jarraituko dut jaki goxoak prestatzen, zuen zentzuek noiz asetu nahiko zenituzketen egunaren zain.