Joxe Azkue omenduko dute igandean (Kakute Xake elkartea)
Xake partidak izango dira datozen bi asteburuetan eskualdean. Azkoitian eta Zarautzen igande honetan ospatuko dituzte txapelketak, eta hurrengo larunbatean Azpeitiak hartuko du lekukoa.
XXXIII. Azkoitiko Hiria-Xake Txapelketa eta Joxe Azkueren IV. Omenaldia Kontzejupen ospatuko da. Anaitasuna Kakute Xake Elkarteak antolatu du txapelketa, eta 10:00etan hasiko dira partidak elkateko lehendakari Jose Luis Fernandezek jakinarazi duenez. Guztira, 14 taldek hartuko dute parte –lau lagun taldeko–, eta 75 bat lagun batuko dira bertan. Partida azkarrak jokatuko dituzte; hamar minutukoak izango dira probak. Mota honetako probak "ikusgarriak" direla azaldu du Fernandezek, mugimendu azkarrekoak izaten direlako, bat-batekoak.
Txapelketan parte hartuko dute Gipuzkoako eta Bizkaiko taldeek, eta azkoitiarrei dagokionez, herriko bi talde ariko dira igandean Kontzejupen. Bertako kide dira Hector Sanchez, Carlos Sanchez, Anibal Fernandez, Ion Kuende, Jose Joaquin Larrañaga, Juan Carlos Valor, Alejandro Alzas eta Josue Goenaga. Yoana Alkorta eta Judith Goenaga azkoitiarrek Emakume Xakelariak talde gipuzkoarreko kide bezala hartuko dute parte.
Azken lau urteetako ohiturari jarraituz, Joxe Azkue omenduko dute igandean. Duela lau urte zendu zen Anaitasuna Kakuteko lehendakariorde izandakoa. "Gazteei xakea irakastearen defendatzaile sutsua izan zen, eta herritar paregabea", esan du hari buruz Fernandezek.
Velte garaile Zarautzen
2014-2015 denboraldiari amaiera emateko, Zarautz Kirol Elkarteko Xake atalak Teofilo Gilen Oroimenezko IX. Xake Txapelketa antolatu du iganderako. Musika Plazan izango da, 10:00etatik aurrera. Txapelketa aprobetxatuz, neguan zehar jokatu diren txapelketetako sari banaketak ere egingo dituzte, beteranoen txapelketakoa zein lehiaketa sozialekoa. Ondoren, 16:45etik aurrera, 14 urtez azpikoen xake txapelketa azkarra izango da, plazan bertan.
Bestalde, Zarauzko Emakumezkoen II. Xake Txapelketa jokatu zuten igandean, Marina Txiki tabernan, Xake atalak antolatuta. Hemen ere hamar minutuko partida azkarrak jokatu zituzten. Daniela Velte izan da txapelduna, eta Elisabeth Agirrek, Carmen Vicentek, Asun Segurak, Arantza Cuevasek eta Marisa Sarriak osatu dute sailkapena, hurrenez hurren.
Azpeitian, Sanagustinpen
I. Xake Txapelketa Herrikoia jokatuko dute uztailaren 4an, larunbatean, Azpeitian. Bi mailatan banatuko dituzte parte-hartzaileak: 14 urtetik beherakoek multzo batean jokatuko dute, eta beste talde batean 14 urtetik gorakoek. Partida azkarretara lehiatuko dira azpeitiarrak, eta jokalariko hamar minutuko zazpi saio egingo dituzte.
Sanagustinpean jokatuko dituzte partidak, 16:30etik aurrera. Xaputarrak xake taldeak antolatu du lehiaketa, baina azpeitiar guztiei dago zuzendua. Izen-ematea doakoa da, baina aldez aurretik abisatzeko eskatu dute antolatzaileek, lanak errazteko. Horretarako, 665 70 05 01 telefono zenbakira dei daiteke edo urangajedrez@gmail.com helbidera bidal daiteke mezua. Egunean bertan ere irekiko dute inskripzioa egiteko aukera, 16:00etatik aurrera. Bi multzoetako lehen hiru sailkatuentzat egongo dira sariak.