Basquetour Turismoaren euskal agentziarekin elkarlanean, Zarautzek bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du Zaragozan gaurtik hasi eta igandera bitartean. EAEko hiru hiriburuekin eta Hondarribia zein Irunekin batera erakutsiko du eskaintza, 'Destinos Euskadi' marka turistikoaren kide gisa.
Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen arabera, “aukera ezin hobea” da Zarautz hiriburuekin batera sustatu ahal izatea, “baliabideak, estrategiak eta marka” partekatuz: “Gure potentzialaz harago, besteena ere aprobetxatzeko eta urte osoan bisitariak erakartzeko aukera ematen digu. Indartu beharreko bidea da”.
Pilarreko plazan atondu dute 'Destinos Euskadi'-ren karpa. Hiri eta herri bakoitzeko eskaintza ezagutzeaz gain, askotariko ekimenak egingo dituzte. Esaterako, herri-kirol erakustaldiak ikusi ahal izango dituzte gerturatzen direnek, harri-jasotzaile eta aizkolarien eskutik. Plaza bisitatzen duen jendea kontuan hartuta, jende askorengana iristeko "erakusleiho bikaina" izango dela azaldu du Txurrukak. Horrez gain, haurrentzat tailerrak, dastaketak eta bestelako ekimenak ere izango dira.