Urola Kostako LABek eta ELAk Espainiako Auzitegi Gorenak 'Herriko tabernen' epaia berretsi izana salatu dute. LAB Sindikatuaren arabera, Espainiako estatuak "ez du etenik" Euskal Herriaren aurkako gudan: "Hori agerian uzten du Orkatz, Arrano, Inpernupe eta Harranoren aurkako itxiera aginduak". "Babes eta elkartasun guztia" eman die herriko tabernei LABek, eta bat egin dute datozen egunetako mobilizazioekin. "Babes osoa adierazi nahi diegu auzipetutakoei eta Urola Kostako herriko tabernetako kideei, eta langabezian edo auskalo zer egoeratan gera daitezkeen langileei", nabarmendu dute.
Beraien atxikimendua emateaz gain, herritarrak animatu dituzte ekitaldi guztietan parte hartzera: argazkietan, mobilizazioetan edota manifestazioetan.
Bestalde, ELAk jakinarazi du "babes eta atxikimendu" osoa ematen dietela herriko tabernei, langileei, herritarrei eta datozen egunetan izango diren mobilizazioei. Haien hitzetan, "dena ETA da” argudio errepikakorra baliatuz, "gizarteko sektore bat zigortzen" jarraitu nahi dute, "ondasunen zati bat kenduz eta militanteei espetxe zigorrak ezarriz". Sindikatuak dei egin die militante eta afiliatuei mobilizazioetan parte hartzera.