Zarauzko Arranora agertzeko deia egin dute

Urola Kostako Hitza 2015eko ekainaren 19a

https://youtu.be/U00il2c8xjM

Atzo arratsaldean elkarretaratzea eta manifestazioa egin zuten hainbat eta hainbat herritarrek Zarautzen, 'Herriko tabernen auziaren' harira. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Nazionalaren epaia, eta ondorioz, 101 herriko taberna konfiskatzea agindu du, tartean, Azpeitiko Orkatz, Zumaiako Inpernupe, Getariako Harralde eta Zarauzko Arrano. Horrekin batera, ezker abertzaleko 20 militanteren aurkako epaiak ere berretsi ditu; tartean da Joseba Permach zarauztarra.

Libre dinamikako kideek eta herritar ugarik "eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso" hori salatu zuten atzo, eta elkartasuna adierazi zieten zigortuei. "Gurpil errepresiboak aurrera egingo du guk gelditzen ez badugu, erantzun tinko eta bateratu bat emanez", nabarmendu zuten. Gaineratu zuten "justizia eta legearen artean aukeratzera behartzen" badituzte, "justiziaren alde egingo" dutela.

Halaber, datozen egunetan Arranora agertzeko deialdia egin zuten. "Abokatuek epe motzeko prozesua izango dela espero ez arren, argi adierazi dute estatu espainiarrarengandik edozer espero daitekeela, eta beraz, adi egon behar dugula. Errepresio honekin amaitzeko denon konpromisoa beharrezkoa da, beraz, animatu eta azaldu deialdietara eta Arranon pote bat hartzera".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide