Gaurko Baratze Festa antolatu dute Astazubiko udal baratzeetan. Bihar Uztaroren festa eta Meffst musika jaialdia egingo dituzte, Modelon eta Putzuzulon
Astebururako Baratze Festa, Uztaroren urteurren festa eta Meffst antolatu dituzte Zarautzen. Baratze Festa Astazubiko udal baratzeetan egingo dute, gaur 17:15etik aurrera. Hasiera batean udal baratzetan izena emanda dutenetzat dago pentsatua egitasmoa, baina Zarauzko Udaletik jakinarazi dute baratzegintza gustuko duen edonork parte hartu dezakeela. Arratsaldeko jaia izango da, eta lehenik eta behin baratzezaintzako aholku orokorrak emango dituzte. Ondoren, 17:30etik aurrera, tomateak zaintzeko tailerra egingo dute, eta 18:00etan, fruitu txikiak zaintzeko saioa hasiko da.Gaurko saioez gain, baratzeen erabiltzaileek izan ditzazketen zalantzak argitu eta aholkuak emateko Furgobaratza zerbitzua eskainiko du Zarauzko Udalak. Horrekin baratzea modu ekologikoan ekoiztera animatu nahi dituzte erabiltzaileak. Gainera, proiektu berriei bultzada eman nahi diete, eta baratzezainen artean harremana hobetu.
Baratzeei lotuta, Uztaro Nekazaritza Kooperatibak hamar urte bete ditu, eta hori ospatzeko festa antolatu dute bihar. Kooperatibako kide Porrotx pailazoak hartuko du parte, eta harekin «kantuak, bihurrikeriak eta muxua» partekatzeko aukera izango da, Uztaroren alde. 11:00etan hasiko dute festa, Modelo aretoan. Sarrera bost euro kostako da.
Azkenik, musikaz eta feminismoaz hausnartzeko antolatu dute Mefsst Musika Errebolta Feminista 3. jardunaldia Putzuzulo gaztetxean. Bihar goizean. 11:00etatik aurrera fanzine tailerrarekin abiatuko dute jardunaldia; 18:00etatik aurrera testigantza solasadia antolatu dute, bertan Emakumeen parte-hartzea 80-90 hamarkadan punk hardcore mobidan gaia izango dute hizpide. Gauean, 22:00etatik aurrera kontzertuak izango dira. Turbulentas, Pottors ta Klito eta Magmadan musika taldeak igoko dira oholtza gainera. Eta, ondoren, Gurebesta eta Maniki Kill dj-ek saioa eskainiko dute. Bost euro kostako da gaueko saioa.
Bestalde, bertan behera gelditu da Zurekin Ostalarien Elkarteak astebururako antolatutako Udaberri Fest kontzertua. «Sarrera salmenta baxua» izan da arrazoia, elkarteak zehaztu duenez.