Urola Kostako EH Bilduk "herritar guztien interesen alde" gobernatzen jarraituko du

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 7a

Aurrean Orioko zinegotzi eta hautagai Amaia Dorronsoro eta atzean Urola Kostako alkategaiak. (Egilea: Aiora Larrañaga)

Gaur eguerdian Zarautz, Zumaia, Orio eta Aiako EH Bilduko alkategaiek agerraldia egin dute Zarautzen, aurreko agintaldiaren balorazioa egin eta datozen lau urterako dituzten asmoak azaltzeko. "Indarberrituta" heldu dute erronka hautagaiek; "lau urtetan zehar EH Bilduk beste era batean gobernatu daitekeela erakutsi du. Eta hurrengo agintaldiari begira ideia berriekin gatoz; ondo egindakoak aintzat hartuko ditugu eta gaizki egindakoak alboratu; eskaintza berritua dugu esku artean" azaldu du Amaia Dorronsoro Orioko zinegotziak.

Urola Kostan agintaldi hasieran abiatutako aldaketa politikoa eta soziala "norabide onean, martxa onean" doala uste dute EH Bilduko kideek eta datozen agintaldian Urola Kosta egun dena baino "solidarioagoa, justuagoa eta euskaldunagoa" bihurtu nahi dute; " modu horretan eta ez bestela, izango baikara herritar guztiok garaile maiatzaren 24ean". Izan ere, Urola Kostako EH Bilduko alkategaien iritziz, beste alderdiek Urola Kostan eta Gipuzkoan "atzerako martxa sartu" nahi dute. "Garai bateko politika eredu zaharrera bueltatzeko, gutxi batzuen pribilegioen garaietara, enpresa handien monopolioen garaietara, errauskailuan oinarritutako eredura eta goitik beherako politikak egiten ziren garaietara itzuli nahi dute" zehaztu dute.

Agintaldiko balorazioa

Azken lau urteta EH Bilduk izan du alkatetza Getaria, Orio, Zumaia eta Zarauzko udaletan eta agintaldian zehar gauzak "ondo egin" dituztela uste dute. "Gure eredua herritarrekin batera gobernatzea izan da: kalera ateratzea, herritarrei erantzutea, bere nahiak eta beharrak entzutea eta denon artean erabakitzea. Argi dago arlo honetan oraindik asko dugula egiteko, baina pausuz pausu joan gara eta agintaldi honetan hamarnaka prozesu parte hartzaile egin ditugu". Modu horretan  herritarrengana hurbildu da EH Bildu eta ordura arteko politika egiteko modua "irauli" du.

Bestetik, nabarmendu dute Urola Kostako langabezia tasa Gipuzkoako bataz bestekoa baino baxuagoa dela. Hori "denon lorpena bada ere, enpresariena, erakundeena eta gainontzeko eragile sozio-ekonomikoena, batez ere Urola Kostako langileriaren lorpen bat dela nabarmendu nahi dugu EH Bildutik, langileak baitira gure ekonomiaren motorra" azaldu du Mikel Goenaga Zarauzko alkategaiak. Ildo horretan gogoratu du Urola Kosta "murrizketarik gabeko" eskualdea dela. "EH Bilduren lehentasuna lau urte hauetan krisiaren ondorioei aurre egitea izan da, oso baldintza txarretan dauden herritarrak babestea, laguntza sozialik gabe ez uztea alegia". Aldi berean, krisiaren atzean dauden arrazoiei heldu die EH Bilduk, "egun bizi dugun krisiak ez baitu aterabiderik bestelako eredu bat sortzeko gai ez bagara. Horrela, gure ehun ekonomiko eta produktiboa eraldatzeko lehenengo pausuak eman ditugu legealdi honetan zehar": Foro Sozioekonomikoa bultzatu dute, enpresekin eta lanbide eskolekin elkarlanean eta turismoa indartzeko hainbat suspapen eta promozio ekitaldi egin dituzte. "Tartean, turismoaren dinamizazio plana berritu dugu, gastronomia, natura turismoa eta beste hainbat aukera irekiz denboraldiz kanpoko turismoa erakartzeko. Garbi dugu udako turismo masiboan oinarritutako turismo eredua aldatzeko beharra dagoela".

Ingurumena ere arlo garrantzitsua izan da azken lau urtetan EH Bildurentzat. "Hainbat urtetako eskariei erantzuna emanaz, Urtetako zabortegia itxi dugu azkenean eta hondakinen birziklapenean ere aurrerapausu handiak eman ditugu" zehaztu du Goenagak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide