"Arrakastatsua" ari da izaten adinekoen egoitzetako greba

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 7a

Auto karabana egin dute bailaran
(Ane Olaizola)

ELA sindikatuak hiru eguneko greba hasi zuten atzo adinekoen egoitzetan, enpresako eta Gipuzkoako lan hitzarmenak berritzeko asmoz. Grebarekin bat, mobilizazioak hasi dituzte Gipuzkoan zehar, eta eskualdean auto karabana egin dute, eta Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko egoitzak zeharkatu dituzte. Bihar, herrialdeko manifestazioa egingo dute Donostian, 11:15ean, Boulevardetik hasita. ELAren arabera, greba "erabat arrakastatsua" ari da izaten, eta akordioa lortu ez duten egoitzetan "erabatekoa edo osoa altua" da haren jarraipena. Eskualdean, gehienetan gutxieneko zerbitzuekin ari dira martxan.

Egoitzetako azpikontratatuek langileak zer baldintzetan izango dituzten ari dira negoziatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamenari uko egin dio Adegik. Lurraldeko eta enpresako akordioak berdinak dira, eta besteak beste soldatak %2 igotzea eta "Espainiako lan erreformari" eta "prekarietateari" aurre egiteko neurriak proposatzen dituzte; hala nola, ohiko gaixotasunak Mutuatik kobratu baino, Gizarte Segurantzatik egitea eskatu dute.

Egoitzaz egoitza ari dira sinatzen lan hitzarmenak, eta greba hasterako Gipuzkoako 15 egoitzetan sinatuta zituzten akordioak; Azkoitiko San Josek, Zumaiako Otezuri egoitzak, esaterako. Gaur, oraindik Zumaiako San Juan egoitzak eta Azpeitiko San Martin eta Zarauzko Eguneko Zentroak sinatu gabe zuten, baina datozen egunetan egitea aurreikusten dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide