Pasa den ostegunean Zarauzko EAJk bere hautagai zerrenda aurkeztu zuen herritarren aurrean Azken Portuko Gurmendi Plazan. Zarauzko EAJko alkategai Xabier Txurrukak eta Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrek parte hartu zuten ekitaldi politikoan, eta zarauztar ugari bildu zen EAJko ordezkarien azalpenak entzuteko.
Agerraldian Txurrukak goraipatu zituen Zarauzko EAJko hautagai taldearen lanerako «gaitasuna eta balio profesional eta pertsonalak». «Erabateko errespetua diegu zarauztarrei eta eginahalak egin ditugu hautagaitzarik onena osatzeko». Politikatik kanpo «beren trebezia erakutsi duten eta herriko eragileekin konprometitutako taldea» dela nabarmedu zuen.
Zarauzko EAJko alkategaiaren iritziz «gogoa eta ilusioa baino gehiago behar dira Zarautzek bizi duen geldialditik atera eta proiekturik garrantzitsuenak aurrera eramateko». Ildo horretan, Txurrunkak uste du Zarautzek etorkizuneko egitasmo bat behar duela jarduera ekonomikoa, babes soziala, etxebizitza, kultura eta kirola bultzatzeko. «Hori da hain zuzen ere gure programan jaso duguna». Programa EAJrena ez ezik, zarauztar guztiena dela azaldu zuen alkategaiak, «herritarrekin eta Zarauzko eragileekin elkarlanean osatu baitugu».