Internazionalismoaren aldeko ekitaldi bat egingo du Askapenak Zarautzen

Nerea Uranga 2015eko apirilaren 22a

'Internazionalismoa ez da delitua' babes kanpainan bildutakoak batuko dituzte larunbatean. Askapenaren legez kanporatzea eta bost kiderentzat seina urteko kartzela du eskatuta fiskalak

Internazionalismoaren aldeko babes ekitaldia antolatu du Askapenak larunbaterako Zarauzko Modelo aretoan, Herrion suak bizirik darrai lelo hartuta. 12:30ean da ekitaldi politikoa.

Askapenak Internazionalismoa ez da delitua babes kanpaina du martxan jarrita, Askapenaren legez kanporatzea eta bertako bost kideren kontrako espetxe eskaera salatzeko. Babesa emateko orduan, «Euskal Herria internazionalista baten alde lan egiteko beharra eta eskubidea, eta herri burujabeen arteko elkartasunezko harremanetan eraikiko den mundu bat» aldarrikatzen dute sinatzaileek.

Dagoeneko Euskal Herriko 60 eragile sozialen eta sindikalen babesa jaso dute. Nazioartean ere biltzen ari dira atxikimenduak, Euskal Herriaren Lagunak sareko kideen bidez. Kasu honetan, munduko toki askotako eragileen eta norbanakoen babesa jaso dute: Galizia, Herrialde Katalanak, Gaztela, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Sardinia, Korsika, Mexiko, Venezuela, Argentina, Brasil, Uruguay, Txile, Kolonbia, Puerto Rico, Kurdistan eta Frantzia aldetik, hain zuzen.

Larunbatean, Zarautzen, jaso duten babes eta elkartasun guztia biltzeko asmoa dute.

Askapenaren kontrakoak

2010eko irailaren 28an Askapenaren kontra egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Pablo Ruz epailearen aginduz, zazpi lagun atxilotu zituen orduan Espainiako Poliziak.

Pasa den otsailean, Auzitegi Nazionaleko fiskalak zazpi atxilotu horietako bosten kontra (Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez) seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen. Horrez gain, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen legez kanporatzea, «ETAren aginduko egitura» izatea egotzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide