Asteazken gaueko hamarretan hasi eta ostiral gaueko hamarretan bukatuko da bi eguneko lanuztea Osakidetzan. Murrizketen kontra eta lan baldintzak hobetzearen alde deitu dute protestara SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. 30.000 langileri baino gehiagori egin diete grebarako deialdia.
Ospitaleetan ez ezik, anbulatorioetan ere egingo dute greba, eta beraz, izango du eragina Urola Kostako osasun zerbitzuetan ere. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak.
Sindikatuen arabera, Osakidetzak 3.000 lanpostu "suntsitu" ditu, lanaldiaren luzatzea "inposatu" diete, eta soldatak jaitsi dizkiete. Horren aurrean, enplegua "berreskuratzea", lan karga onargarriak jartzea eta langileen arteko soldatetan "diskriminazioak ezabatzea" eskatzen dute, besteak beste. Horrekin, osasun zerbitzua hobetzea nahi dute sindikatuek.