Hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko sinadurak bildu behar dituzte eskualdeko herri plataformek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 22a

Herritarra sinatzen (Egilea: Leire Ventas)

Udal hauteskundeak gainean dira, eta alderdi, koalizio eta hautesle taldeak dagoeneko maiatzaren 24rako hautagai zerrendak aurkezten ari dira. Herri ekimenetik sortutako Podemos alderdiaren eraginez, asko izan dira azken urtean Euskal Herrian zehar sortu diren herri plataformak. Hala ere, eskualdean badira urratsa aspaldi eman zutenak: Azkoitiko Batera Talde Independentea, Orioko Orain, Errezilgo Errezil Herrin Alde eta Beizamako Beizama Bai eta Aurrena Beizama, esaterako.

Herri plataformek politika egiteko beste modu bat badagoela erakutsi dute agintaldiz agintaldi. Azkoitiko Batera 1999an sortu zen; «alderdikerietatik harago, herria erabakigune izango zuen eta herritarren iritzia eta parte hartzea bermatuko zituen» herri plataforma sortu zuten. «Gu ez ginen sortuko ohiko alderdiek ondo funtzionatu izan balute. Normalean herrietan alderdiek agintean urte asko daramatenean ohitura txarrak hartzen dituzte, eta horri aurre egiteko sortu ginen. Ikune herri plataformen bilgunea da, eta bertan izan garenetan gainontzeko herri plataformetako kideek ere gure iritzi bera azaldu dute; herri plataformak arazo jakin bati aurre egiteko edo ohiko herri politika gaizki kudeatu izan delako sortu direla, alegia».

Ildo horretan, Baterako kideen iritziz, «herritar guztien lehen aukera izan ez arren» ,normalean herri plataformek herritarren gehiengoaren artean «izen ona» edukitzen dute, «herriaren ongizateaz harago ez baitugu beste helbururik izaten». Horregatik, uste dute ohiko alderdientzat ere «zailagoa» izaten dela herri plataformak beren artean izaten dituzten «hika-miketan sartzea». Herri plataformak ere joko horretan ez erortzen saiatzen dira askotan. Orioko Orain plataformak, esaterako, erabaki zuen Orioko udalbatzarrean aurkezten ziren «mozio alderdikoien aurka» bozkatzea, uste dutelako mozioetan aurkezten ziren gaiak dagozkion batzordeetan eztabaidatu daitezkeela.

Sinadura bilketa

Ohiko alderdiekin alderatuz desberdina izaten da egunerokoan herri plataformen lan egiteko modua, eta hauteskundeetara aurkeztu behar dutenean ere hautesle-taldeak izanik, ohiko alderdien egutegi eta prozedura desberdina jarraitu behar izaten dute.

Espainiako Hauteskunde Araubide Orokorrak zehazten duenez, hautesle taldeek deialdi bakoitzean sinadura kopuru zehatza aurkeztu behar dute beren hautagaitza babesteko. Sinadurak dagokion NAN-aren fotokopiarekin ziurtatu behar izaten dituzte. Eta legearen arabera, herritar batek ezin du bere sinadura hautagaitza bat baino gehiago babesteko aurkeztu.

Orioko Orain herri plataformak, esaterako, pasa den ostegunean hautagai zerrendarekin batera 110 sinadura aurkeztu zituen Donostiako Egia Auzoan dagoen Auzitegiko Hauteskunde Batzordean. «Egia da denbora galtze bat edo alferrikako lana bezala hartu daitekeela, baina bestalde, hauteskunde prozesuen seriotasuna eta sendotasuna bermatzeko balio du» Orain herri plataformako zerrendaburu Miriam Urangaren ustez. Orainek bi egun eskasetan taldekideen lagunen eta senitartekoen artean jaso zituen 110 sinadurak, eta eskerrak eman dizkiete guztiei «erakutsi duten prestutasunagatik». Orainetik adierazi dute beren esku dagoen guztia egingo dutela «orain arte bezala lanean jarraitzeko».

Azkoitia Bai koalizioa

Sinadura kopurua hautagaitza aurkeztuko den udalerriko erroldaren arabera zehaztuta dago Espainiako Hauteskunde Araubide Orokorrean, eta hautagaitza babesten duten sinadurak notario batek edo dagokion udalbatzako idazkariak egiaztatu behar izaten ditu.

Gainera, hautesle taldeek epe mugatua izaten dute sinadura horiek jasotzeko, maiatzeko udal hauteskundeen kasuan, martxoaren 31tik apirilaren 19ra bitartean egin behar izan dute sinadura bilketa.

16 urteko ibilbidea du Azkoitiko Batera herri plataformak, eta lau urtero 500 sinadura biltzeak zailtasunak sortzen zituela ikusita, hauteskundeetara aurkezteko modua aldatu zuen 2011. urtean. «10.000-50.000 biztanle arteko herrietan hautesle taldeek hauteskundeeetara aurkezten diren bakoitzean 500 sinadura bildu behar izaten dituzte, legeak zehazten duen denbora tarte jakinean eta notario edo udaleko idazkariaren aurrean berretsita. Azkoitiak 11.000 biztanle baditu, eta guretzat lan handia zen hori betetzea». Horregatik, 2011ko udal hauteskundeetarako Ezker Batua-Berdeak, Aralar eta Gipuzkoako Berdeak taldeekin Azkoitia Bai koalizioa sortu zuen Baterak. Koalizioek hauteskundeetara aurkezten diren bakoitzean izapideak egin behar izaten dituzte, baina ez dute sinadurarik aurkeztu beharrik.

24ko udal hauteskundeetara aurkezteko ere formula bera erabiliko dute Batera, Equo eta Ezker Anitzak koalizioan

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide