Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, Zarauzko Merkataritza Bulego Teknikoak eta Murkil Zarauzko merkatarien elkarteak merkatarientzat ikastaro bat antolatu dute apirilaren 23rako, ostegunerako. Zarauzko Gaztelekuan izango da, 14:30ean hasi eta 16:30 arte. Merkatarientzako oinarrizkoak diren kontzeptu eta ideiak landuko dituzte bertan: bezeroen informazioa, espazioaren banaketa, produktuaren aurkezpena, bezeroen zentzumenak estimulatzea, segurtasuna eta finantza kudeaketa, besteak beste. Edozein merkatarik eman dezake izena. Horretarako, 943-830990 telefonora deitu daiteke zein gatc@zarautz.eus helbide elektronikora mezua bidali.
Horrez gain, Murkilek bezero guztiei zuzendutako kanpaina berria jarri du abian. Maiatzaren 3ra arte saltokietan erosketak egiten dituztenen artean 500 euroko bi erosketa bono zozkatuko dituzte. Erosketak egitean, txartel bat jasoko dute bezeroek eta hori bete beharko dute zozketan parte hartu ahal izateko.
Bestalde, Murkilek gogorarazi du elkarteko kanpaina, zozketa eta gainontzeko berriei buruzko informazioa zuzenean jasotzeko aukera dagoela. Interesa dutenek aurreko helbide elektronikoaren bidez dezakete eskaera.
Informazio zabalagoa eskuratzeko, klikatu hemen.