[caption id="attachment_143073" align="aligncenter" width="300"] Iaz arrakastatsua izan zen Zarauzko Ardo Eguna.( Egilea: Amaia Ventas)[/caption]
Jatea eta edatea gustuko dutenek galdu ezinezko hitzorduak izango dituzte asteburuan Urola Kostan. Alde batetik, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak Ardo Eguna antolatu du larunbaterako. Bestetik, hurrengo egunean, Aian Txakolin Eguna egingo dute herriko plazan. Batean zein bestean giro ezin hobea espero dute antolatzaileek.
Zarauzko Ardo Egunerako «itxaropentsu» daude antolatzaileak. Izan ere, Zurekin elkarteak antolatzen dituen azoketatik «arrakasta handiena» duena da Ardo Eguna, eta aurten ere beste urteetako ildo bera jarraitzea espero dute. Edalontzia, urdaiazpiko edo gazta platera eta sei ardo dastatzeko aukera izango dute herritarrek sei euroren truke.
Denera, 12 upategik parte hartuko dute azokan; «jatorri izen desberdinetako ardoak eskainiko ditugu, eta gure artean ezagunak ez diren produktuak ezagutarazten saiatuko gara», azaldu du Zurekin elkarteko Igor Azpitartek. Ardo azokarekin herritarrek goiz-eguerdi parte atsegina pasatzea lortu nahi dute; baita Zarautzera bisitariak erakartzea ere. «Hasiera batean kaltegarria dirudi tabernaz betetako plaza batean ardo azoka jartzeak inguruko tabernentzako. Dena dela, guk ez dugu egun bakar batean pentsatzen, Ardo Egunarekin Zarautz ezagutarazi nahi dugu, bisitariak urtean zehar ere egunpasa Zarautzera etorri daitezen», zehaztu dute elkartekoek.
15 upategi Aian
Igandean 11:30etik 14:30ak ingurura arte egingo dute Txakolin Eguna Aian. Getariako Txakolina jatorri izenaren barruko hamabost upategik parte hartuko dute txakolin azokan, eta herritarrek hiru eurotan kopa erosita nahi adina txakolin edateko aukera izango dute.
Horretaz gain, edaria jatekoarekin laguntzeko Aiako plazan bertan burduntzian erretako txahal pintxoak eskainiko dituzte aurten ere euro baten truke. Udalak festara gonbidatu ditu aiarrak eta baita inguruko herritarrak ere.