Babyauto Zarautz Rugbyk igoera faseko ligaxka hasiko du igandean, Astin

Nerea Uranga 2015eko apirilaren 13a

Babyauto Zarautz Rugby Taldeak Espainiako maila gorenerako igoera faseko ligaxkako aurreneko partida du igandean, apirilaren 19an. Alcobendasen kontrako norgehiagoka jokatuko du etxean, Astin, 12:00etan. Herritarrak taldea animatzera joateko deitu dituzte errugbi taldekoek.

Igoera faseko A multzoan ariko da Zarauzko taldea, Alcobendas Rugby eta CAU Valenciarekin batera. Alcobendasek aldeko emaitzarekin hasi du ligaxka, asteburuan Valenciari 13-6 irabazita. Zarautz Rugby Taldeak atsedena izan du.

Igoera fasearen lehen ligaxka Astin hasi eta bertan bukatuko dute Zarauzkoek. Ligaxkako azkena CAU Valenciaren aurka jokatuko dute, maiatzaren 17an.

Igoera faseko B multzoan C.R. Sant Cugat, Durango R.T. eta Cajasol Ciencias Rugby ariko dira.

Garagardo Azokaren emaitzarekin gustura

Aste Santuan Zarautz Rugby Taldeak XV. Garagardo Azoka egin du. Taldekoen esanetan, milaka lagun izan da azokan eta bertan izan diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. Azoka aurrera ateratzeko 300 lagunek jardun dute lanean, eta haien lana ere eskertu dute: "300 pertsona horien laguntzarik gabe proiektu hau aurrera ateratzea ezinezkoa litzatekeelako".

Azokan lortutako diruarekin errugbi taldea finantzatu eta harrobia landuko dutela azaldu dute.

Zarauzko Errugby eskolaren zozketako zenbaki saritua ere atera dute, eta 9309 zenbakia da sariduna. Zenbaki hori duenak hilabeteko epea du saria eskuratzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide