Aste Santuaz gozatzeko, Zarautz Rugby Taldeak «planik onena» proposatu du: Zarauzko XV. Garagardo Azoka. Gaur zabalduko dituzte Munoako karpako ateak, eta sei egunez izango da gozatzeko aukera bertan. Egunero egongo da zabalik, 12:00etatik 01:00etara, lehenbiziko egunean izan ezik. Gaur 19:00etan zabalduko dituzte karpako ateak. «Gure herriarekin zerikusia duten pertsonek, kirol mundukoek zein kulturakoek lehertu izan dute festa gurean», gogoratu dute ZRTko ordezkariek, eta aurten ere hala egingo dute. Hain zuzen, Gaizka Garitano arduratuko da aurten azoka inauguratzeaz. Zarauzko bizilaguna Eibar futbol taldeko entrenatzailea da. «Azken urteetan halako talde txiki batek lortu duen arrakasta goraipatzeko modukoa dela iruditzen zaigu, batez ere guk ere lehen mailara igotzea gero eta argiago ikusten dugunean», adierazi dute ZRTkoek. «Beraz, ezin genuen inor hoberik topatu».
Behin Garagardo Azokako lehen topa eginda, «festa eta giro onaz gozatzeko elementu guztiak» izango dituzte Munoako karpan datozen egunetan. Garagardo «aukera bikaina» eta «menurik zaporetsuenak» nabarmendu dituzte. Ez da faltako ohiko ukondo, oilasko, saltxitxa, patata gratinatu, hot dog eta abarrik, ezta jatordu horiek laguntzeko garagardoa ere. Prezioak aldakorrak dira zerbeza motaren arabera, baina iazko prezioak mantenduko dituzte. «Guiness, Affligem, Paulaner, Murphis... Zaila egingo zaizue bat aukeratzea», esan dute. 'Beertsoak' eta musa Eta, jakiarekin eta garagardoarekin lotuta, hainbat ekitaldi izango da. Larunbatean, esaterako, Beertso Bazkaria egingo dute. 14:30ean hasiko dira bazkaltzen eta ondoren, 16:00etan Amets Arzallusek eta Andoni Egañak bertso saioa eskainiko dute. Jon Zaldua ariko da gai jartzaile lanetan, eta trikitilariak ere bertan izango dira, giroa alaitzen. 20 euro kostako da txartela, eta dagoeneko salgai daude Itxas-Lur eta Salegi tabernetan. Egunean bertan ere erosi ahalko dira, azokako leihatilan.
Aurrez, bihar, Mus Txapelketa jokatuko dute, hiru usteletara. Izena aipatu bi tabernetan eman beharko da eta 25 euro ordaindu, bikoteko. Prezio horren barruan sartzen dira bi pitxar eta bi garagardo berezi, eta gainerako 10 euroak sarietarako gordeko dira. Txapelketa irabazten dutenek bildutako diru kopuruaren %30 eskuratuko dute, txapelaz gain, eta bigarren sailkatzen direnek %20. Egunean bertan ere eman ahalko da izena leihatilan, 15:00ak arte. Mus Txapelketa 15:30ean hasiko dute. Horrez gain, gauero hainbat musika talde izango dira azoka girotzen: asteazkenean, apirilaren 1ean, The Potes ; ostegunean, hilaren 2an, Fan&Go; ostiralean, apirilaren 3an, Vartools; larunbatean, apirilaren 4an, Gari DZ eta igandean, hilaren 5ean, Hiru Gabe. Zerrenda horretara azken orduko talderen bat ere gehitu daitekeela gaineratu dute antolatzaileek. 22:30etik aurrera izango dira emanaldiak. Etxeko txikienek ere izango dute lekua Garagardo Azokan. Izan ere, egunero, 13:30etik 15:30era begiraleak izango dira, eta haurrek eskulanak egin, pintatu eta ipuinak entzun ahalko dituzte, besteak beste.