Zarauzko kirol instalazioei buruz jardun du EAJko alkategai Xabier Txurrukak Jon Redondo Kirol zuzendariarekin

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 20a

Herriko kirol instalazioen gabeziez hitz egin zuten Zarauzko EAJko alkategai Xabier Txurrukak eta Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok. Besteak beste, Lizardi institutuko pista estaltzeko Zarauzko EAJk duen proiektua azaldu zion Txurrukak Redondori. “Herriko kirol taldeek duten premia handienetako bat da, eta gabezia horren ondorioz klub batzuk ezin diote erantzun saskibaloia edo eskubaloia bezalako kirolak egiteko dagoen eskariari, zenbaitetan jendea kanpoan utzi beste erremediorik ez dutelarik”. Lizardiko pista estaltzeak entrenatzeko instalazioen gabezia arintzen lagunduko lukeela nabarmendu du Txurrukak.

Horrek ez luke "aparteko kosturik" izango EAJko alkategaiaren arabera, eta Eusko Jaurlaritza lanaren finantziazioan eta tramiteetan parte hartzeko aukeraren aurrean baikor azaldu da: “Ezin dugu ahaztu lursaila Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa dela, eta kudeaketak Hezkuntza departamentuarekin lankidetzan egin beharko liratekeela, honek baitu eskumena Lizardiko institutu publikoaren kasuan. Elkar ulertze ona eduki dugu bileran zehar, eta bat etorri gara inbertsio ez oso handiarekin, Zarautzen dauden beharrei erantzuna emate aldera aurrerapauso handia emango litzatekeela”, azaldu du.

Halaber, Astiko kirol eremua epe ertainean garatu eta handitzeko EAJk duen proposamena azaldu zion Eusko Jaurlaritzeko Kirol zuzendariari. Horrek, besteak beste, zelai berri bat eta atletismo pista hartzen ditu barruan. Abenduan aurkeztu zuten proiektua jeltzaleek, eta azken asteetan  kirol elkarteekin eta herritarrekin partekatu dute, Entzuteko Prest dinamikaren barruan: “Ikusi dugu jendeak oso ondo hartu duela gure proposamena, eta gainera  iradokizun oso interesgarriak egin dizkigute zirriborroa hobetzeko”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide