Zarauzko eta Zumaiako hainbat ikastetxe konposta egiten hasi dira

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 20a

Auzokonposta ontziak. (Egilea: Ane Olaizola)

Eskualdeko 791 familiak egiten dute konposta etxean, auzoan edo komunitatean. Urola Kostako Udal Elkarteak 2015erako herritarren artean konposta egitea sustatu nahi du eta horretarako berrikuntza bezala Zarauzko eta Zumaiako hainbat ikastetxe konpostaren gaia lantzen hasi dira Zisare proiektuaren barruan: Zarauzko Antoniano, La Salle, Salbatore Mitxelena Ikastola eta Lizardi Institutua alde batetik eta Zumaiako Oikiako Eskola eta Herri Eskola bestetik. Denera eskualdeko 367 ikaslek parte hartuko dute ekimenean, Lehen Hezkuntzako 4.mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila bitartekoak.

Udal Elkarteko arduradunek uste dute egokia dela konpostaren gaia ikastetxeetan modu sistematikoan eta iraunkorrean lantzea. "Are gehiago kontutan hartutzen badugu handia dela ikastetxeetako jangeletan sortzen den hondakin organiko kopurua". Ildo horretan hiru helburu ditu proiektuak. Alde batetik, eskualdeko ikastetxeek konposta egitea eta horiek tratatzeko bidea barneratzea lortu nahi dute. Bestetik, ikasleak hondakinak berrerabiltzearen eta konposta egitearen garrantziaz kontzientziatu nahi dituzte. Horretaz gain, konposta prozesuaren edukia ikastetxeetako Curriculumean barneratu nahi dute.

Helburuak lortzeko Urola Kostako Udal Elkarteak aholkularitza, laguntza eta materiala emango dizkie ikastetxeei proiektuak garatzeko.Baliabide materialak, konpostan aditu baten laguntza, baliabide didaktikoen multzoa eta eguneroko jarraipena egiteko metodologia sistematizatua. Gainera, Sizare ekimenean ikastetxeek elkarren berri izan dezaten zisare.org  helbidean blogak izango dituzte.

Herri mailan ere konposta sustatuz

Urola Kostako Udal Elkarteak 2005ean jarri zuen martxan etxean konposta egiteko kanpaina. Ordutik indarra hartu du ekimenak eta udal elkarteak bultzada eman nahi dio 2015ean. Horretarako, autokonpostagailua duten familien jarraipena egingo dute eta aholkuak emango dizkiete eta zalantzak argitu. Bestetik, auzo konposta egiteko eremuetara bisita egingo dute teknikariek hilero mantenu lanak egiteko. Gainera, udal elkarteak 150 familia berrik konpostagailua jartzea lortu nahi du eta horretarako deialdia egingo du. Berrikuntza modura aurtengoan deialdi berezia egingo dute Aian, etxean konposa egin dezaketen etxebizitza kopurua altua duelako herriak.

Horretaz gain, Konposta Bikaina lehiaketa martxan jarriko dute martxotik aurrera, etxean edo auzoan konposta egiten duten familien ahalegina saritzeko, bereziki konposta ondo egiten dutenen ahalegina.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide