Mendilautan urbanizazio lanak egin nahi ditu udalak, auzokoekin adostuta

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 18a

Herritarrekin zehaztuko du zein kalek duen lehentasuna berrikuntzak egiteko eta zein irtenbide eman behar zaion. Oinezkoentzat espazio gehiago lortzea da helburua

«Eskaera historiko» bati erantzuteko helburuarekin, Zarauzko Udalak Mendilauta kale ingurua beste modu batera urbanizatzeko asmoa du. Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotziak jakinarazi duenez, hainbat urtez inguru horretako bizilagunak espaloien irisgarritasun faltaz kexatu izan dira: horiek estuak direla, zuhaitzek leku asko kentzen dietela eta pasara oztopatzen dutela... Orain arteko parte hartze prozesuetan herritarrek «behin eta berriro» errepikatu duten eskaria dela nabarmendu du. Horregatik, orain udalak gaiari heldu dio, mugikortasun politikan beste aurrerapauso bat emanez eta oinezkoentzat espazioak bilatuz.

Hain zuzen, gune horretako beharrak asetzeko eta irtenbidea auzokideekin eurekin finkatzeko, parte hartze prozesu bat antolatu dute. Nafarroa, Lizardi, Mendilauta eta Aresti kale artean bizi diren herritarrek hartuko dute parte, baita Ixpilla ingurukoek ere. Guztira, 1.800 lagun bizi dira zonalde horretan.

Bi bilera egingo dituzte. Lehena, bihar. Lehenbiziko bilkura horren helburua izango da zonalde horretako kale guztien beharrak mahai gainean jartzea eta, behin horiek aztertuta, finkatzea zeintzuk duten lehentasuna. «Badakigu hainbat kaletan egin beharko liratekeela lanak, baina ezinezkoa da guztiak batean egitea, denboragatik eta diru aldetik». Horretarako dokumentazioa aurkeztuko dute udal teknikariek, besteak beste, jakinarazteko kale bakoitzean zer- nolako lanak egin diren, noiz eta zein irizpiderekin. Horrez gain, hausnarketarako zenbait galdera egingo dituzte: esaterako, zein diren kale erabilienak eta zeintzuk duten premia gehien.

Behin herritarrek eta udal ordezkariek zehaztuta zein diren lehentasun handiena duten kaleak, kale horiei zein irtenbide eman aztertuko dute. «Kale bakoitzak bere kasuistika du, eta irtenbideak ere askotarikoak izan daitezke», dio Nerea Ollokiegi Parte Hartzeko teknikariak.

Lau irtenbide

Zentzu horretan, udal ordezkariek lau alternatiba aurkeztuko dizkiete bertaratzen direnei. Horietako bat zuhaitz kopurua mantenduz eta horiek lekuz aldatuz, aparkalekuak kentzea eta espaloiak zabaltzea litzateke. Beste bat: irtenbide misto bat, alegia, aparkalekuak eta zuhaitz kopurua murriztea. Hirugarren alternatiba aparkalekuak alde batean mantentzea, zuhaitz kopurua murriztea eta desjabetzeak egitea da, hau da, etxebizitzen lorategiei 60 bat zentimetro kentzea espaloiak zabaltzeko. Laugarren alternatiba litzateke desjabetze handiagoak egitea, aparkalekuak eta zuhaitzak man- tenduta.

Hori hilaren 26an, datorren ostegunean zehaztuko dute. Bi bilerak Ebro Etxean izango dira, 19:00etatik 20:30era. Irtenbidea zehaztu ondoren, proiektua idatziko dute, eta finantzazioa bilatu, gerora exekutatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide