Urrian onartu zuen Zarauzko Udalbatzak Astiko aisialdi eremua biziberritzeko plana, gune hori indartzeko asmoz. Horren barruan, besteak beste, jolasgunean jatetxe-taberna berria eraiki eta aisialdiko instalazioak egitea erabaki zuten, EH Bilduren eta PPren aldeko botoekin. Eta hori ustiatuko duen enpresa aukeratzeko lehiaketa publikoa prestatu du udalak.
Ezker Anitza eta Equo alderdiek nabarmendu dute lagapena 30 urtekoa izango dela, eta EH Bilduk eta PPk enpresa pribatu horri 300.000 euro ematea onartu dutela. Biek ala biek jakinarazi dutenez, «eskaintza baliodun bakarra» aurkeztu da lehiaketara, bi enpresa eraikitzailek izenpetuta, Azpeitiko Astiaran S.L. eta Zumaiako Zintzilik S.L.-k, hain zuzen. «Galdetzen dugu zein interes izan dezaketen bi eraikitzaile horiek jatetxe bat kudeatzeko 30 urtetan zehar. Ez al da izango bere interesa jatetxe hori eraikitzea, 300.000 euro kobratzea eta gero hirugarren bati kontzesio hori saltzea?».
Saihesteko garaiz
«Azken astean, gainera, jakin dugu udal gobernua saiatzen ari dela taberna errugbiko instalazioetatik kentzen, eraikiko den jatetxeari konpetentzia guztiak kentzearren. Honek, gure ustez, duintasunaren muga guztiak apurtzen ditu. Zein interes ari da defendatzen EH Bildu jokaera hauekin? Gure iritziz, ez dituzte defendatzen interes publikoa eta zarauztarron interesak», salatu dute.
«Lotsagabekeria» hori geldiarazteko sinadurak biltzen ari dira Ezker Anitzako eta Equoko ordezkariak. Foruen plazan eta Astin ibili dira egunotan. Jakinarazi dutenez, Internet bidez (ttiki.com/336844) ere jasoko dituzte herritarren atxikimenduak. «Oraindik ez da kontsezio hori egin, eta garaiz gaude proiektu hori saihesteko». Azaldu dutenez, bildutako sinadurak Juan Luis Illarramendi alkateari eta PPko zinegotzi Maria Jose Lafuenteri emango dizkiote.