Maria Lopezek irabazi du martxoaren 8ko kartel lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 18a

Hilabete hasieran bildu zen epaimahaia Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Zarauzko Udalak antolatutako VII. Kartel Lehiaketako irabazlea aukeratzeko. Hala, Elkartasuna lana aukeratu du epaimahaiak, Maria Lopezek egindako kartela. Ondokoek osatu dute epaimahaia: Zarauzko Udaleko Parekidetasun zinegotzi Ane Eizmendik, Myriam Gonzalez Txabarri Zarauzko Udaleko Erakusketa arduradunak, Carmen Agirretxe Artezaleak erakundeko koordinatzaileak eta Marije Zumeta eta Ana Sarasola Parekidetasun Kontseiluko partaideek.

Guztira, 23 lan aurkeztu dituzte lehiaketa horretara. Epaimahaikideen erabakia emanda, ondoren herritarrek bozkatu ahal izan dituzte lan gogokoenak, Parekidetasun Sailaren Facebookeko profilaren bitartez.

Dagoeneko jakinarazi dute zeinek jaso dituen boto gehien, eta ondorioz, herritarren saria eskuratu duen lana zein den. Judith Gagok aurkeztu duen Indarra kartela da irabazlea, hain zuzen. Horrek 200 euro jasoko ditu sari gisa, eta Lopezek, berriz, 400 euro.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide