Zarauzko EH BIlduko kideak Puntuz puntu prozesuaren berri eman zutenean
Bilera Gaztelekuan izango da, 18:00etan, eta arlo horretako eragile, enpresa eta sindikatuak gonbidatu dituzte, besteak beste. Izan ere, Zarauzko EH Bildurentzat sozioekonomia "berebiziko garrantzia" duen alorra da. Horren ustez egungo eredu neoliberalek "porrot" egin du eta herritarrengandik hurbil dauden administrazioek baliabide publikoak herritarren zerbitzura jarri behar dituzte. Horregatik biharko bilera "oso garrantzitsua" dela deritzo.
Koalizioak zenbait hilabete daramatza datorren legegintzaldira begira herri programa osatzeko Puntuz puntu prozesuarekin. Hain zuzen, horren barruan bederatzi bilera egin ditu askotariko eragileekin urtarrilean. Alorrez alorreko bilerez gain, auzo guztietako bizilagunekin ere ari da biltzen EH Bildu, haien ekarpenak "modu zuzenean" eta "inongo baherik gabe" jasotzeko asmoz. Zentzu horretan, "baliozko" ekarpen ugari jaso ditu.
EH Bilduko ordezkari Begotxu Olaizolak nabarmendu duenez, koalizioa zarauztarren beharrak detektatzen eta datorren
legegintzaldirako programako lehentasunak zehazten ari da. “Oso aberasgarriak izan dira eduki ditugun bilerak. Zarauztarrek esan egin digute zer gauza egin ditugun ondo eta zein gauza zuzendu behar ditugun ere”, esan du Olaizolak.
Aurreratu du programa “ausarta” izango dela: “EH Bildun politika egiteko beste modu batean sinisten dugu. Orain beste batzuk hasi dira parte hartze prozesuak martxan jartzen. Eta guk galdetzen diegu: partaidetza zertarako? EH Bilduk oso argi dauka,
zarauztarrek izan behar dute udal politikak nondik nora joan behar duten esan behar digutenak”, azaldu du.