Oraingoan Bizkaia eta Gipuzkoako lurretan ibiliko dira mendizale zarauztarrak. Elorriotik abiatuko dira eta Argiñetako nekropolia bisitatuko dute. Ondoren, Santamañazar (669 metro), Erdella (682 metro) eta Intxorta (743 metro) tontorrak igoko dituzte, ibilaldia Elgetan amaitzeko. 36ko gerrako lubakiak ikusteko aukera izango dute, bide batez.
14 kilometroko ibilaldia izango da, "zailtasun berezirik" gabea. Bost ordu iraungo duela aurreikusi dute elkartekoek. Ostirala baino lehen eman beharko da izena Mendizabal kinkiladendan. Igandean, 07:30ean elkartuko dira mendizaleak Agoueseneko biribilgunean.