Ontzeko lanean

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 13a

Maiatzaren azken astean hartuko du aurten Zarautzek Literaturia, bigarren urtez. Egitasmoa sendotzeko asmoz, aurten gai bat aukeratu dute: ardoa izango da ekitaldien lotura

Aldaketekin dator aurten Literaturia. Iaz egin zen lehenbiziko aldiz Zarautzen, Larrabetzun bost urtez ospatu ondoren. Trantsizio urtea izan zen hura. «Herri batetik beste batera lekualdatzeak ekartzen du esperimentazioa. Lehen funtzionatzen zuten gauzak esperimentatu behar dira, eta ikusi behar da kokapen berrian funtzionatzen duten ala ez», azaldu du antolakuntza taldeko Ana Galarraga zarauztarrak.

Aurten egitasmoa sendotzeko asmoa dute, eta horretarako gai bat izango du ardatz Literaturiak: ardoa. «Alkoholaren eta idaztearen artean badago lotura bat. Mito ere izan daiteke, baina kasu askotan bien baturak eman dituzte lan onenak. Ardoak bereziki badu presentzia letretan, eta baita euskal literaturan ere».

Ekitaldi guztien lotura izango da gai hori. Eta horren adibide garbiena da maiatzaren 28rako antolatu dutena. Ekitaldi nagusiak hilaren 29tik 31ra izango dira, baina aurrez beste zenbait saio ere egingo dituzte. Maiatzaren 28koa aperitibo modukoa izango da, «gosea egiteko». «Lehen ere Garoakoek Donostian egin zuten liburuen eta lurrinen arteko ezkontza bat. Eredu hori Zarautzera ekartzea erabaki dugu: aurtengo uztako liburuei lurrin bat jartzeaz gain, ardo bat ere gehituko dio Itziar Eizagirre Talaiberriko enologoak».

Modelo, zentroa

Hiru hanka izango ditu Literaturiak, eta horretarako hiru gune baliatuko dituzte. Aurten ekitaldi guztiak leku berean egiteko apustua egin dute antolatzaileek. Hala, liburu aurkezpenak Garoan izango dira, emanaldiak Modelon, eta azoka, berriz, Zigordia kalean. «Modelon izateak segurtasuna ematen digu. Alde batetik, eguraldiagatik. Eta bestetik, gaiarekin lotura izateko ere gorputzak eskatzen zigun ekitaldiak izatea barruan, zerbait intimoa, goxoa eta mimatua egiteko».

Horretarako lekua egokitzeko asmoa dute: «Modelok ez du aforo oso handia, baina handiegia izan daiteke poesia emanaldi zein hitzaldi baterako, akaso. Hori saihesteko eskenografia moldatuko dugu, goxatzeko eta girotzeko literaturarekin eta ardoarekin».

Iaz bezala, udaletxe paretik hasi eta Modelora bitarteko gunean jarriko dute liburu azoka. «Pasa den urtean funtzionatu zuen, eta aurten errepikatzea pentsatu dugu». Berrikuntza gisa, horren iraupena luzatu egingo dute aurten. Hala, egun eta erdi iraungo du, larunbatetik igande eguerdira arte.

Aurtengorako muina literatura izatea nahi dute antolatzaileek, eta horregatik eskatu diete idazleei sortzeko zerbait Literaturiarako, eta gerora erabakitzeko hori lagundu nahi duten beste diziplina batekin. Hori izango da Harkaitz Cano eta Mursegoren kasua. «Gu Canorekin jarri ginen harremanetan, eta hark erabaki zuen emanaldia Mursegorekin egitea».

Horiez gain, punta-puntako gonbidatuak izango dira. Aperitiboa baino lehen, eta Literaturia hasi aurretik, Bernardo Atxagak hitzaldi bat emango du Garoan, maiatzaren 14an 20:00etan. «Hori izango da lehen amua, Literaturia badatorrela iragartzeko». Jose Luis Padronek lagunduko dio Atxagari.

Rockumentalekin bat

Maiatzaren 28ko mokadutxoaren ostean, hilaren 29an izango da Literaturiaren irekiera ofiziala. Anjel Lertxundi arduratuko da horretaz, hitzaldi txiki batekin. Jarraian etorriko dira Cano eta Mursego. Egun horretan bertan, eta Rockumentaleko saioarekin bat eginda, gauean Nick Caven inguruko dokumental bat emango dute Modelon, eta ondoren Pettiren kontzertua izango da. Larunbatean, Danele Sarriugarteren, Jule Goikoetxearen eta Kattalin Minerren Erractus ikuskizunak hartuko du Modelo. Bazkalostean, berriz, Celosamente Gordeakoek, Manex Agirrek eta Gaizka Amoindarainek emanaldi «hibrido» bat eskainiko dute, ikus-entzunezkoa, zuzeneko musika eta errezitaldia uztartuz. «Ezusteko handia izango da».

Edorta Jimenezi ere ardoa ez zaiola «harrotza» egiten dio Galarragak, eta beraz, horrek ere parte hartuko du Literaturian. Zer eskainiko duen oraindik ez du zehaztu, baina Galarraga ziur dago zerbait «deigarria» egingo duela Jimenezek. Ondoren Jon Alonsorekin ibiliko dira poteoan. «Alonsoren liburuetan ardoak protagonismo handia izan ohi du. Idazle oso ironikoa eta entretenigarria da, eta beraz, oso ongi pasatuko dugu».

Gauean bertso saio bat egongo da literaturari estuki lotuta. Uxue Alberdik, Onintza Enbeitak eta Iñigo Mantzisidor Mantxi-k hartuko dute parte bertan, besteak beste. Hori Putzuzulon izango da, ekitaldi horrek beste erregistro bat izango duelako, «umorezkoa eta ganberroagoa».

Igande eguerdian Dejavu panpin laborategikoek antzerki obra bat eskainiko dute Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako ipuin bilduman oinarrituta. Formatu txikikoa da, eta agian bi saio emango dituztela aurreratu dute.

«Nahiko genuke eduki pixka bat izatea Literaturiak, nahi dugu ondare bat uztea urtero Literaturiak herrian, gosea duenak zerbait topa dezan, jasotzeaz aparte». Asmo horrekin, Arantxa Urretabizkaia eta Karmele Jaio gonbidatu dituzte 13:30eko ekitaldira. «Euren ikuspegia emango digute, idazle gisa eta baita ere gizartearekiko, inguruarekiko». Arantxa Iturbek gidatuko du solasaldia. Literaturiari amaiera borobila emateko, Itxaro Bordak eta Itxaso Gutierrezek errezitaldi bat eskainiko dute arratsaldean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide