Urriko udalbatzarrean onartu zuen Zarauzko Udalbatzak Astiko aisialdi eremua biziberritzeko plana, gune hori indartzeko asmoz. Horren barruan, besteak beste, jolasgunean jatetxe-taberna berria eraiki eta aisialdiko instalazioak egitea erabaki zuten, EH Bilduren eta PPren aldeko botoekin. Eta hori ustiatuko duen enpresa aukeratzeko lehiaketa publikoa prestatu du udalak. Ezker Anitza eta Equok nabarmendu dute lagapena 30 urtekoa izango dela, eta EH Bilduk eta PPk enpresa pribatu horri 300.000 euro ematea onartu dutela.
Ezker Anitzak eta Equok jakinarazi dutenez, "eskaintza baliodun bakarra" aurkeztu da lehiaketara, bi enpresa eraikitzailek izenpetuta, Azpeitiko Astiaran S.L eta Zumaiako Zintzilik S.L-k, hain zuzen. "Galdetzen dugu zein interes izan dezaketen bi eraikitzaile horiek jatetxe bat kudeatzeko 30 urtetan zehar. Ez al da izango bere interesa jatetxe hori eraikitzea, 300.000 euro kobratzea eta gero hirugarren bati kontzesio hori saltzea?".
"Azken astean, gainera, jakin dugu Udal Gobernua saiatzen ari dela errugbiko instalazioetatik taberna kentzen, eraikiko den jatetxeari konpetentzia posiblearekin bukatzeko. Honek, gure ustez, duintasunaren muga guztiak apurtzen ditu. Zein interes ari da defendatzen EH Bilduk jokaera hauekin? Gure iritziz, ez dute interes publikoa eta zarauztarron interesarik defendatzen", salatu dute.
"Lotsagabekeria" hori geldiarazteko sinadurak bilduko dituzte. Datozen egunetan Foruen plazan eta Astin izango dira Ezker Anitza eta Equoko ordezkariak. Era berean, internet bidez ere eman ahalko diote atxikimendua eskaera horri herritarrek. "Oraindik ez da kontsezio hori egin, eta garaiz gaude saihesteko". Juan Luis Illarramendi alkateari eta PPko zinegotziari, Maria Jose Lafuenteri emango dizkiote sinadura horiek.