Kadeteetatik hasi eta Espainiako Ligako Hirugarren Mailako taldeetaraino, asteburuan ez dute jokatuko Espainiako Federazioak antolatutako partidarik eskualdean, Euskadiko Futbol Federazioak deitutako greba dela-eta. Federazioaren arabera, afizionatuen aldeko aldarrikapena egiteko hartu dute erabakia. Futbol profesionala eta afizionatua zaku berean sartzen direla salatu dute, eta beharrezkoa dela futbol amateurrarentzat legedia zehatza egitea. Greba deitzeko arrazoi nagusia da Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak futbol taldeetako laguntzaileak kontratuarekin eta gizarte segurantzarekin jarri nahi dituela.
Azpeitiko Lagun Onak futbol taldea da jardunaldia etengo duen taldeetako bat, eta Mikel Izurieta lehendakariak adierazi du federazioarekin «guztiz ados» dagoela elkartea: «Uste dugu ekintzak egiten jarraitu behar dugula horrelako egoerei aurre egiteko». Haren arabera, lege horrekin «gastu asko» izango dituzte, eta ez dute aukerarik izango «izapide horiek guztiak egiteko».
Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldeko Pedro Urdanpilleta lehendakariak dio Euskadiko Federazioaren «hausnarketa bera» egiten dutela. Batik bat, boluntarioen lanak kezkatzen du Urdanpilleta: «Boluntarioek egiten dute futbola, eta Kirol Kontseiluaren legea betez gero, haietako askok utzi egingo lukete, dirurik ez dagoelako eta lanaz gain beste kontratu bat izateak oztopo asko sor ditzakeelako». Bestalde, jakinarazi du beraiek orain dela gutxi izan dutela arau horien berri, Gipuzkoako Federazioak esanda eta prentsan irakurrita. Beraz, Kirol Kontseilua ez da haiekin harremanetan jarri.
Markel Osa Zarautz Kirol Elkarteko futbol ataleko arduradunak nabarmendu du gizarte segurantzarenak aurrera egiten badu, klubak «desagertu» egingo direla. Orain arte «ondo» moldatu direla esan du. ulertzen du egoera «pixka bat erregulatu» beharko litzatekeela, baina «legedia berezi batekin».