Aritz Aranburu, surflaria: «Jendeak oporrak hartzen ditu nire lana egiteko; zorteduna naiz»

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 3a

Imanol Magro - Berria.eus. Uretatik irten eta zuzenean joan da elkarrizketa egitera Aritz Aranburu (Zarautz, Gipuzkoa, 1985). «Olatuak ikusi eta sartu egin naiz», azaldu du ilea lehortzeko burua astintzen duen bitartean. Hiru graduko tenperatura eta jaisten, itsaso grisa... Neopreno lodiak babes egokia ematen du, baina behar da adorea uretan sartzeko. Cola Cao bat hartu du barrenak berotzeko.

2015a nolakoa espero duzu?

2015ean bigarren mailan lehiatuko naiz, urte bukaeran lehen hamarren artean gelditu eta WCTra itzultzeko asmoz. Txapelketa bidaiekin tartekatuko dut. Telebista kate batean saio bat dut eta oso gustura ibili naiz. Iaz txapelketarekin oso lotutako bideoak egiten genituen, eta aurten zerbait ezberdina izango da. Txapelketa arteko tarteak baliatu nahi ditugu olatu ezberdinak aurkitzeko.

Zenbat hegaldi hartzen dituzu?

Kontua galtzen dut... ehundik gora urtean... Bidaia bakoitzeko batez bestekoa hegazkin bat baino gehiago da. Pasaportea bi urtean behin berritzen dut. Loiun mundu guztiak ezagutzen nau!

Eta etxean, noiz? Zeri deitzen dio etxea surflari batek?

Urari. Nik Zarautzi deitzen diot etxea, baina ingurune guztiarekin gozatzen dut. Etxean bi hilabete egiten ditut, eta asko gozatu. Bidaiatzea asko gustatzen zait, surfaren ondoren nire pasio handia da, eta nire lanak aukera hori ematen dit. Ohitu egin naiz etengabe bidaiatzen bizitzera. Naizen modukoa banaiz, asko bidaiatu dudalako naiz, eta horrek begiak ireki egiten dizkizu.

Lehen mailatik jaistea zer izan da zuretzat?

Surflari profesional batek lehen maila horretan egon nahi du. 32 onenak daude hor. Iaz hor egon nintzen, eta, egia esan, ez dit pena handirik ematen jaitsi izana, oso gustura gelditu nintzelako nire jardunarekin. Iaz oso ondo sentitu nintzen. Zirkuituko iritsi berriak hirugarren kanporaketetara arte ez gara zerrendaburuekin lehiatzen, eta dezentetan iritsi naiz horra, munduko bost onenen aurka lehiatzera. Batzuetan irabazi egin diet, eta galdu dudanean, gutxigatik izan da.

Zein da aldea?

Lehen maila elitea da, zentzu guztietan: kirol maila, oihartzuna, sariak... Baina lehen mailako surflariek bigarren mailakoan ere parte hartzen dute.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko Berria.eus-era sartu

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide